Akisgran, 1850. Paul Reuter alemaniar enpresariak telegrafo linea bat jarri zuen abian, teknologia berri horren bidez berriak askoz azkarrago hedatzen zirela eta berriak inork baino lehenago jasotzea negozio probetxugarria zela jabetuta.
Printzipioz, linea Berlinera iritsiko zen, baina Reuter konturatu zen Akisgran Bruselarekin lotzeak etekin gehiago ekarriko zizkiola, Belgikako hiriburua XIX. mendeko finantza gune nagusietakoa baitzen.
Londres gune are garrantzitsuagoa zen eta hara joan zen enpresaria 1851n, Mantxako kanala Calaiseko itsasartetik zeharkatuko zuen “urpeko telegrafoa” prestatzera. Urte amaieran, telegrafo linea abian zen eta, gainera, Reuterrek Londresko burtsarekin negoziatu zuen bertako finantza informazioa Europan zabaltzeko. Tratu bera egingo zuen aurrerago Parisko burtsarekin.
Baina hazten jarraitzeko hurrengo jomuga ozeanoaz bestaldean zegoen, AEBetan, eta Atlantikoa zeharkatuko zuen kablerik ez zegoen. Konponbidea pentsatu baino hurbilago topatu zuen, Irlandako hegoaldean. Reuterrek telegrafo linea Cork hiriraino eraman zuen. Ipar Amerikatik zetozen ontziak irlandar kostaldetik gertu pasatzen ziren Londresera iritsi baino lehen. Puntu horretara iristean, transatlantikoan AEBetako informazioz, dokumentuz, eskutitzez eta telegramaz betetako edukiontziak prestatzen zituzten. Ondo itxi eta uretara botatzen zituzten. Edukiontziak agentziaren txalupa batek jaso eta lehorrera eramaten zituen orduan. Informazioa Corketik berehala telegrafiatuta, itsasontzia baino lehen iristen zen Londresera. Esaterako, 1865ean, AEBetako presidente Abraham Lincoln hil zutenean, Reuter’s Telegram Company izan zen Europan horren berri ematen lehena.
Sortu eta 170 urtera, Reuters munduko berri agentzia nagusietakoa da oraindik. 94 herrialdetako 200dik gora hiritan ditu egoitzak. Baina eskandalu batzuk ere pilatu ditu azken urteetan. 2006an Reutersgate delakoa gertatu zen: Libano eta Israelen arteko gatazkari buruzko argazki batzuk manipulatu izanaz akusatu zuten agentzia. 2016an, Bagdadeko merkatuan 8 hildako eragin zituen atentatu baten berri eman zuen agentziak, baina hainbat iturrik albistea faltsutzat jo zuten; ustezko biktimak figuranteak omen ziren. Iaz argitaratutako dokumentu batzuei esker egiaztatu zen 1960ko eta 1970eko hamarkadatan Erresuma Batuko gobernuak finantzatu zuela Reuters, Ekialde Hurbilean hedatu zedin…
Gaur egun, itxuraz, txalupatxo bat ez da nahikoa konpetentzia atzean uzteko.