argia.eus
INPRIMATU
Zauriak solas
Amaia Alvarez Uria 2020ko irailaren 03a
Susmaezinak | Itxaro Borda | Alberdania, 2019.
Susmaezinak | Itxaro Borda | Alberdania, 2019.

Itxaro Bordak argitaratu duen azkenaurreko eleberrian fikziozko Erautsi komando ibiltariaren gorabeherak ditugu. Ipar Euskal Herrian bizi eta atentatuak Hego Euskal Herrian eta Espainian egiten dituzte Felixek, Marianek, Patxik eta Pierrek. Susmaezinak dira egunerokoan, denbora luzez bizitza bikoitza eraman dutelako.

Idazle honek lehenago ere idatzi du “euskal gatazka”-ri buruz: Hiruko (2003) lanean narrazioa, saiakera eta elkarrizketa filosofikoa erabili zituen; Odolak su gabe diraki (2017) lanean antzerkia; eta eleberria heldu zaigu lan honekin batera.

Lehen eta azken kapituluetako pertsonaiak “Carmen eta biok” dira. Protagonistak, (Amaia Ezpeldoik?), bere lagun bilbotarrari esaten dio gaztetan ezagutu zuen etakide bat kaleratu berri dela (Felix), eta bere istorioa kontatu nahi duela: “Belaunaldi baten izenean, iragan dorpe horrekiko aske senditzeko (…) Nobela beltza, egiazko istorioa kontatzeko”.

Felix pertsonaiak Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993) laneko protagonista ekarri zidan burura. Etakide gizonezkoa da pertsonaia nagusia bietan, baina bigarren honetan, gogoetez gain, gorputza eta desioa ere oso presente daude. Batetik, duela 40 urteko matxismoa agertzen da, emakume protagonista gehienak amak, emazteak eta prostitutak dira, eta komandoko Marian kide/gizon moduan tratatzen dute ekintzetan eta garbiketa eta otorduen lana egokitzen zaio tarteka. Bestetik, sexualki oso aktiboak dira komandokide guztiak: “bizitza apur bat, bestela eguneroko militantzian herioarekin jolasten zirelako”.

ETAk 2010ean “ekintza armatuzko erasoak” bertan behera uzten zituela eta 2017an behin betiko armagabetzea iragarri eta gauzatu zuenetik, bere jardunari buruzko historia hurbila jasotzeko saiakerak izan dira. Bordak egindakoa gomendagarria da, badu alderdi onik, ahots eta ikuspegi desberdinak jaso nahi izatea, kasu, baina diskurtso zaharrak errepikatzeko arriskua ere hartu du tarteka. Izan ere, zenbat distantzia behar da norberak bizitako egoera lazgarriez berba egiteko? 80 urte pasa dira Gerra Zibiletik eta oraindik ari dira agertzen testigantzak tantaka. 40 urte dira 80ko hamarkadako ETAren berunezko urteetatik. Nola lortu minaz hitz egitea “bestela”?