Orain arteko udarik ederrena izan zen Galizian eman genuen hura, Burela, Esteiro, Oimbra, batez ere Oimbra –gogoangarriena ere bai, bidaiaren erdian Rafael Chirbesen heriotzaren berriak kolpatu gintuen eta–. Urtetik urtera saiatu izan naiz gero –saiatu, ohikoa dudan intentsitate txikiarekin, noski– uda hura hobetzen, sikiera berdintzen; baina ez dut sekula lortu. Orain arte. Auskalo bost hilabetean etxetik ia atera gabe egon garelako edo, baina a ze abuztua, lagunok, a ze abuztua. Ibili gara zaldiz, promenatu gara mendi-bideetan, freskatu gara itsaso, erreka, igerilekuetan. Ikusi dugu Vincent Cassel herriko taberna batean. Eta irakurri dugu Un été avec Pascal.
Pascal, a ze tipoa, arduratuegi nabaritu dut jendea katolikotzeko ahaleginean. Gogoan gordetzeko kontu batzuk, halere. Hogeita hemeretzi urterekin hil zen. Marxistek beti errespetatu izan dute. Hitz hanpatuak gorroto zituen, espezialisten pedantismoa, jakinduriak ez zuela umiltasuna ziurtatzen zioen. Eta pandemia garaiotarako sententzia ahaztezin hau: norbere gelan lasaiki egoten ez jakitetik datorkeela gizakiaren malura. O, bai, zeinen gauza ona litzatekeen erretiratu, gelditu, deskantsatu ahal izatea. Antzinako jakitatearen ideala omen, dio Antoine Compagnonek. Baina ez ote da nahikoa oporraldi bat, laburra, adibidez udakoa, uda ofizialekoa, ez ote da nahikoa abuztu bat areagotzeko gizakiaren buruko mina eta deserrotzea? Ezen, pausatzen garen unetik beretik, aurre egin behar izaten baitiogu gure izateari.
Abuztu honetan, beraz, ibili gara zaldiz, promenatu mendi-bideetan, freskatu itsaso, erreka, igerilekuetan. Ikusi dugu Vincent Cassel herriko taberna batean. Eta, kontxo, Pascal ere irakurri dugu. Izango da halere burmuina gutxien erabili dudan uda? Izango da burmuina gutxien erabili dudan uda. Inoizko udarik onena. Hurrengo udara arte, besterik ez bada.