argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza sailburu berriaren etxeko lanak
Mikel Basabe Kortabarria 2020ko irailaren 01

Gobernu berria antolatzera doa Urkullu lehendakaria. Pentsatzekoa da sailburu aldaketak gertatuko direla. Tartean, hezkuntzakoa.
Nire ustean, Hezkuntza sailburu berriak lau gairi ezinbestean heldu beharko die, euskarari dagokionez.

Lehenengoa, ziurtatu irakaskuntzara oposizioen bitartez ailegatuko diren irakasleen euskara-maila. Eskolak euskaraz eta ahoz emango dituen irakasleak oposizioko ahozko atala euskaraz gainditu beharra dauka. Erakutsi beharra dauka euskaraz ondo egiten duela. Harrigarria gerta badaiteke ere, oposizioak oso-osorik gaztelaniaz egin daitezke oraindik ere.

"D ereduko ikasle gehienen egunerokoan hizkuntza arrotza da euskara; guk, ostera, hizkuntza propioa bailitzan erabiltzea gura dugu. Horiek biak kontuan harturik irakatsi beharko genieke"

Bigarrena, birpentsatu 2011z geroztik probaldian dagoen 3L eredua, eta berriro diseinatu: D ereduan baino ez da euskaraz ikasten, eta gure ikasleetako askok eskolakoa dute euren euskara ia bakarra. Lehenengo ikasturteetan euskara hutsean aritu; adinean aurrera egin ahala gaztelania eta ingelesa gehituz joan. Eleaniztasunak elebitasunaren ondoren behar baitu.

Hirugarrena: neurtu ebaluazio diagnostikoetan ahozko erabilera ere, eta hartu hura hobetzeko neurriak. Zelan daiteke ikasleen hizkuntza-ezagutza neurtzea, ahozko probarik egin barik? Euskararen ezagutza idatzia atzera egiten ari da, EDz ED. Ahozkoa are apalagoa da, seguru. Erabilerak arduratzen gaituen honetan, ahozko gaitasuna hobetu beharra dago. Besteak beste, curriculuma birplanteatuta eta gelako egunerokoa errotik aldatuta. D ereduko ikasle gehienen egunerokoan hizkuntza arrotza da euskara; guk, ostera, hizkuntza propioa bailitzan erabiltzea gura dugu. Horiek biak kontuan harturik irakatsi beharko genieke.

Laugarrena, orokortu Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko aukera. Negargarria izan da azken sailburuen utzikeria arlo honetan. Hainbestekoa, ezen zalantza barik esan daiteke azken zortzi urteak urte galduak izan direla Lanbide Heziketako ikasle euskaldunentzat. Beste neurritxo bat ere, Lanbide Heziketan: ingelesa derrigorra duten legez, euskara ikasgaia ere eredu guztietan ikas dezatela. Gaur-gaurkoz, milaka dira batere euskararik irakasten ez zaien Lanbide Heziketako ikasleak.

Niri lau horiek otu zaizkit. Ziur nago irakurleetako bakoitzak beste hainbeste plantea ditzakeela burua larregi nekatu barik.

Ez ahaztu, baina, neurriok lau zein laurehun izan, badagoela aldez aurreko betekizun bat, ezinbestekoa: euskal hezkuntzaren ardatza euskara dela sinestea. Sinestea eta praktikatzea, zuzkiduran bezala legean ere.