argia.eus
INPRIMATU
Garraztasunaren berrirakurketa
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2020ko irailaren 03a
94/20 diskoa Señor no taldeak argitaratu du Bang records diskoetxearen eskutik.
94/20 diskoa Señor no taldeak argitaratu du Bang records diskoetxearen eskutik.

Donostiako Señor No talde beteranoa ezaguna da aspalditik bai Euskal Herrian, baita kanpoan ere, betidanik zirkuitu komertzialetik kanpo egon bada ere. Taldea 90eko hamarkada hasieran sortu zuten La Perreran aritutako hainbat lagunek. Punk-rock eta rock-and-roll zikinenaren eszenan zizelkatutako izena da kaleratutako diskoengatik eta, batez ere, eskainitako zuzeneko beroengatik.

Taldekideek beti beren kasa egin dute lan korrontearen kontra, eta lokomotora batek baino indar handiagoa duen Xabi Garrek gidatuta, ez dute inoiz oztopoen aurrean atzera egin, ezta kontzertu eskasik eskaini ere. Hasierako ilusioa eta kemena mantentzen dute, eta orain, kulturak hain garai zailak bizi dituen honetan ere, aurrera egitea erabaki dute. Azken 25 urte hauetan kaleratutako hainbat single –kanta puskak– berriro grabatu eta bestelako ukitua eman diete. Emaitza haien bidelagun eta anai izandako Roy Loneyren omenez Hendrik Röverren estudioan grabatutako bilduma dotorea da.

Etapa honetan Joseba B. Lenoir musikari handia batu zaie hirugarren gitarra jotzera, eta emaitza are gehiago aberastea lortu du. Bertan badira Masacrante, Perra, Está bien eta Mira mi dedo-ren moduko klasiko garratz eta bizi-biziak, haien zuzenekoetan inoiz falta ez direnak, eta irakurketa berriz baina tempo zabalagoz landutakoak. Hala ere, taldeak betiko osagaiak ditu: Stooges, MC5, talde australiar bortitzenak, Union Carbide Productions, TSOOL eta wah-wah barra-barra.

Baina, horiez gain, badira bestelako sorpresa atseginak ere: La ruta interior-ek gogoz edaten du The Soundtrack Of Our Lives-en misteriotik sitar eta guzti. Off-ek tempo erdiari eusten dio rock-and-roll eroenean amildu arte. Algo que recordar balada rockeroa da, indartsua eta borobila. A todas luces-ek malenkonia eta rock-and-roll basatia batzen ditu. La droga da boskotearen oinarri den Stooges-en deiadarra: azkarra, bortitza, rockeroa, eroa. Eta, azkenik, Meando en la niebla-k beste kutsu bat dauka: tangoaren oinarritik abiatuta pieza rockero lasaiagoa da.