Basamortua, eremu idorrak, lehorrak suma daitezke Nire-ren kantak entzuterakoan. Beroa eta hotza senti daiteke, aldi berean. Bakardadea, harremanen gazi-gezak, desioak, nahiak: “Eguzkia dardarka, bihotza izoztua” (Basamortuan), “Noizbait norbait maitatu al duzu? Noizbait norbaitek maitatu al zaitu?” (You hate love), “Larre zabalean zaldi bi, beraien gainean gure desioak” (Zaldi bi), “Garbitu ditzagun gure bekatuak lehenbailehen, berriro bekatu egiteko behin bat gehiago” (Behin bat gehiago).
Kantek transmititzen dituzten giroak intimoak dira, zirraragarriak. Rock doinu dotoreak dira, biziak, gordinak eta ilun samarrak. Erritmoak ez dira ez azkarrak, ezta geldoak ere. Aurreko diskoan (Hamabost, 2015) country kutsuko doinu goibelak landu zituen Nirek, eta disko honetan, berriz, garage kutsuko rock indartsua nabari da kantetan.
Diskoa ederra da. Ekoizpen lan oso ona egin dute, moldaketak ongi zainduta. Melodiak ederki jantzita daude gitarren marrazkiekin, eta beste zenbait zaratatxorekin eta xehetasunekin. Ahotsa ere ongi egokituta dago kantetara, kanta bakoitzak eskatzen duenera.
Nire, berez, Ivan Zabalegi (gitarra akustikoa, cigar box guitar, ahotsa, bateria) da. Lisabö taldean aritzen zen lehen, bateria jotzen. Hemeretzi lana osatzeko, lagun hauekin aritu da: Ander Zabalegi (bateria), Borja Toval (gitarra elektrikoa), Borja Iglesias (gitarra elektrikoa) eta Karlos Osinaga (grabazioa, nahasketak, ahotsak). Halaber, hitzak idazterakoan, Jon Rubioren eta Martxel Mariskalen laguntza izan du, eta diseinu lanak egiterakoan Ramon M. Zabalegirena eta Kakun Rubiorena. Nireren jendaurreko emanaldietan, Ivan bakarrik aritzen da, edo Ander Zabalegirekin eta Borja Tovalekin.
Nireren Hemeretzi diskoa, Bidehuts zigiluaren katalogoan dauden gainerako diskoak bezala, Bandcamp plataforman entzun daiteke. Diskoak modu digitalean eros daitezke, Bandcampen, eta ohiko euskarri fisikoan ere bai, Bidehuts zigiluaren bidez.