Ez dakit maskaraldi (maskarada?) honen zer fasetan izango garen artikulu hau argitaratzen denerako, baina, lerro hauek idazten ari naizen garaian, birusaren agerraldi kezkagarri bat izan da Tuteran, ezkontza baten harira antza. Berehala jakinarazi dituzte bi erabaki: maskara nahitaez jantzi beharko dela hemendik aurrera, eta zahar-etxeak blindatuko dituztela berriz. Atentzioa eman dit blindatu aditzak: segurtasuna hauspotu nahian erabiliko zuten noski, baina ezinegona pizten du, beste ezer bainoago. Halaxe baitaude kausa-efektuak gaur egun, ipuin latz-gordin beti-berdin baten hiru fase klasikoetan bezala. Hasiera: lanean, tabernan edo dena delakoan jende mordoxka elkartu. Korapiloa: zornea zauri gaiztotuan bezala birusa zabaltzen hasi. Bukaera: egoitzetan dozenaka zahar kartzelatuta berriro; nortzuk, eta lehen bakarralditik beranduen atera ziren horiek berak.
Ahaztu egin zaigu, nonbait: terrazak eta parkeak irekitzea kezka gailen genuen garaian, zahar ugari guztiz bakartuta zeuden oraindik, egoeraren jakitun batzuk eta ezer ulertu gabe bestetzuk, konfinamenduan txalo gutxi jo eta are kasu gutxiago egin zaion zaintzaile-talde feminizatu horrek ahaleginak eta bi egiten zituela haien beharrei erantzuteko, prekaritatearen eta bakarlanaren soka egunez egun lepoan estuxeago. Eta apenas entzuten den zer duten esateko etxe eta zahar-etxe blindatu horietako populazioek: zaintzaileek, zaharrek, zahar zaintzaileek.
Askotxo hitz egin baita zaharrez azkenaldian, eta gutxitxo entzun baitzaie zaharrei. Beti bezala, egia esan. Mari Luz Estebanek Andrezaharraren manifestua liburu indartsu eta zinezkoan idatzi zuen bezala: “Zaharrak ikusezinak gara, gernu-ihesaren iragarkietan aktore izatera kondenatuak”. Edo oraingoan agian: “Pandemian hildakoen zifra inpertsonalak puztu dituzten biktimen eta soilik biktimen rola jokatzera kondenatuak”. Eta jabetzen naiz zozoa naizela beleari ipurbelzka: Argiak ahotsa eman dion ez-zahar bat zaharrez hitz eta pitz, zaharrei ahotsik ematen ez zaielako protestan. Baina, kontraesanez bezainbat elkartasunez, salatzekoa da heldu ustekoek gobernatutako gizarte honetan bi mutur sinplistaren artean zabuka ibili garela zaharrez hitz egiteko orduan eta, are larriago, zaharrei ezer galdetu gabe haien inguruko erabakiak hartzeko orduan: mutur batean, biktimizazioa eta infantilizazioa (“adineko gaixoak, denak hilko zarete, guk erabakiko dugu zer egin zuek salbatzeko”); bestean, berriz, nolabaiteko darwinismo egoista bat (“zuek baldin baduzue arriskua, zuek bakartu zaitezte, eta utzi besteoi lasai bizitzen”, “zaharrak hiltzea gizalegea da”…).
Aitor dezagun zintzo: birus honek batez ere nire edadekoak edo gazteagoak akabatuko balitu eta ez zaharrak, oso bestelakoak lirateke diskurtsoak eta eskariak: askoz sakonagoa litzateke alarma soziala, eta ez gintuzke hainbeste kezkatuko ez produkzioak, ez maskaren deserosoak, ez oporretan joan ezinak. Hiltzea gizalegea da, bai, zahartzea baino are gehiago. Zaintzeak eta zaindua izateak ere gizalegea behar luke. Nola hil, nola zahartu, nola zaindu, eta hori guztia nork erabaki: hortxe dago koska. Argi geratu baita gorputzen materialtasunaren zaintza-behar materialei neurri politiko-sozial materialez erantzun besterik ez dagoela, baina inoren bizia adinagatik gutxietsi gabe, zaharren bizia iraupen fisiko mutu batera mugatu gabe. Esteban dixit: “Gorputza, zahartzaroan inoiz baino gehiago, bizitza jokatzen den lekua izango da”.