argia.eus
INPRIMATU
Zuloak Betegarriak
Edu Zelaieta Anta 2020ko uztailaren 15

Pentsamendu magikoaren fasean bide dago. Ez da horregatik, baina, ume txikia, 60 urte dituen gizon burutsua baizik. Pentsamendu magikoaren kontua ez da, bistan denez, haren ahotatik atera, ez eta (bizitzan lehen aldiz laguntza profesionala eman dion) terapeutaren gelatik ere. Ama apiril hasierako estatistiken beste biktima bat izan zen: oraingo besta-ospakizun

"'Putakume' oihukatu zioten halako leiho batetik, zaharren egoitzatik etxerako bidean, hil berria zen ama ezin zuela une hartan ikusi jakinarazi ondotik"

jendetsuak egiten ari diren batzuek txalo solidarioa jotzen zuten orduan, eta irainak tuka botatzen zituzten leiho-balkoietatik.

“Putakume” oihukatu zioten halako leiho batetik, zaharren egoitzatik etxerako bidean, hil berria zen ama ezin zuela une hartan ikusi jakinarazi ondotik. Inor ez zen gizon bakartia kontsolatzera joan. Deirik eta mezurik ere apenas izan zuen: urteetan ikusi gabeko urrutiko jendaki bakanen batekin aritu zen solasean; ezezagun batekin, finean. Hiletarik eta agurrik gabe joan zen ama.

Gaitasun intelektualak ongi trebatuak dituen gizonak hilabete pare bat darama ozenki mintzatzen bere buruarekin, tartean-tartean, etxeko bakardadean. Zerbait omen dago heriotzaren beste aldean. Egundaino huts egin ez dion amak esana.