Indiferentziaren eta depresioaren arteko bidearen erdian uzten nau egunero berripapera irakurtzeak. Haiek garaiak, sumindu egiten nintzena. Ingalaterrak urrea kendu diola Madurori, Guaido kolpistari emateko (adi, neoliberalismoak ongi ikasi du kolpe bigunak dituen abantailak); Agoizko Gamesa itxi behar dutela (berrehun eta piko langile kalera; enpresak ez du ezkutatzen ongi doala; ia inor ez da gaur egun gogoratzen haize erroten negozioaren ernamuinean –Gamesa ere hortik dator– udalek debalde lagatako lurrak eta diru publikoa egon zirena); beste etxealdi bat ote datorren (gazteak pilatuta festa egiten eta COVID-19ak berriz erasoko ote duen sinesten ez); Zaldibarkoek hondakinen pean segitzen dutela; Echeniquek, CIAren paper desklasifikatuak direla-eta, “denok genekien” baino ez duela esateko; euskal presoak sakabanatu eta urrutiratuta segitzen dutela, eta beren familiak betiko erromesaldian… Kalamidadeen aipatze hutsak artikulu pare baterako ematen du.
"Indiferentziaren eta depresioaren arteko bidearen erdian uzten nau egunero berripapera irakurtzeak. Haiek garaiak, sumindu egiten nintzena"
(Beharrik tarteka berri pozgarriren bat iragazten den: Altsasukoak hirugarren gradua! Bazen garaia… baina, beste alde batetik, sekula kartzela ezagutu behar ez zuten gazte batzuek hiru urte eta erdi baino gehiago barruan eman eta gero askatzen dituztelako pozteak, horrek berak ematen du egoeraren neurria).
Samuel Becketten Mundua eta praka izeneko kontakizunaz gogoratu naiz, egile irlandarrak testu batean baino gehiagotan erabili omen zuena.
Badoa gizon bat jostunarengana, praka bat egiteko. Jostunak neurriak hartu eta lau egun pasata itzultzeko esaten dio. Itzultzen da gizona, eta jostunak: “Barkatu, praka barrena luzeegi daukazu, itzuli astebete barru”. Itzultzen da gizona astebete pasata eta poltsikoak ez omen daude erabat ongi. “Barkatu. Gaizki atera zaizkit. Itzuli beste aste bat barru”. Eta horrela hankartea, botoi-zuloak, brageta…
Azkenean, enegarren bisita eta gero, praka listo dago. “Lotsagarria da –arranguratzen da gizona– Jainkoak astebete behar izan zuen mundua egiteko, eta zuk hiru hilabete behar izan dituzu praka soil bat egiteko!”
“Bai –erantzuten dio jostunak–, hori egia da. Baina konparakozu; begiratu iezaiozu munduari, eta gero begiratu nire prakari”.