argia.eus
INPRIMATU
‘Lemmings’-ak gara
Itziar Bardaji Goikoetxea 2020ko uztailaren 09a

Bilatu googlen Lemmings jokoa, mitikoa, nire adinekoek gogoratuko dute. Entzun berriz jokoaren musika, ikusi gizontxoak aterkiarekin erortzen eta adreiluak ipintzen. Hau da testu txiki honetarako agertokia.

"Lemmingsak gara, txintxo-txintxo petroleoa eta bizitza bera agortu arte lurra zulatzen ari direnak"

Industrializazioa, kristautasuna, zuzenbidezko estatu poliziala… zibilizazioak aurrera egiten du. Gai gara modu ordenatuan birus bati denen artean aurre egiteko: kalean itxoin, sartzean maskara jarri, besteekiko distantziak mantendu, besteak ez ukitu. Maite dituzunak pantailaz agurtu, orain etxean geratu, orain terrazan kontsumitu. Harro gaude zibilizazio garen heinean, hiritar eredugarriak izan gara. Ordenari obedituz elkar zaintzen dugu, seguruago gaude, efizienteago produzitzen dugu.

Ordenari obedituz zapalkuntza eta ezberdintasunetan oinarrituriko sistema elikatzen dugu, konturatu gabe geure burua soldatapeko lanean, monogamian eta hipotekan murgilduta topatzen dugu bertara nola iritsi garen ondo jakin gabe. Bat-batean amildegi batean amaitzen den adreilu eskailera bat eraikitzen ari diren lemmingsak gara, txintxo-txintxo petroleoa eta bizitza bera agortu arte lurra zulatzen ari direnak.