Aktualitatea ez zait batere interesatzen –zutabe hauetarako, bistan da; bestela aktualitatearen kontsumitzaile ohikoa naiz, are garaiaren arabera tiraniaren menpekoa–; baina batzuetan iruditzen zait azkar asko ahaztuko dugun txikikeriaren batek erakuts dezakeela sakoneko mugimenduren bat. Herri bozen bigarren itzulia jokatu da orain deus ez Frantzian, eta ondorioz Ipar Euskal Herrian –nahiz niretzat emaitzarik garrantzitsuena argitu zen jada lehen itzulian, Biriatukoa. Zorionak Solange Demarcq-Egiguren, ea orain hilerriko prezioak beheititzen dituzuen–. Hala, jakin dugu Ziburuko herriko etxea irabazi dutela ezkerreko abertzaleek. Eta Ziburukoa bezala, Uztaritze (bigarrenez), Itsasu (sorpresarekin) eta Urruñakoa (Itsas Mendi zinemaren onerako izango ahal da!).
Gero eta gehiago dira, denak ezin, baten batek ordezkatu behar argazki hain loriosa. Eta aurpegia emateko Ziburuko alkate berria aukeratu da, oro har, Eneko Aldana-Douat, politikari ona, gaztea, guapoa gainera. Eta errefuxiatu baten semea –zeina halaber argazkietan agertu baita–. Baina zergatik aukeratu da Ziburuko jaun mera, eta ez adibidez Urruñakoa, bigarren herri hori populazioan izan arren lehenaren bikoitza? Zergatik ez da aukeratu Itsasuko auzapeza –agerkari honetako kolaboratzailea; ez naiz boteretik hain gertu sekula egon–? Zergatik Ziburuko garaipena egiten zaigu, hegoaldekoon begietara, “gureagoa”? Zerikusirik ba ote du alkate berriaren aita errefuxiatua izateak? Noski, pozten naiz Aldanaren garaipenaz –maiz galdu egiten da berak erabiltzen duen Douat hori–, puskaz nahiago dut Poulou dinastia guztia baino. Baina ezkerreko abertzaleen emaitza onak beragan irudikatzea, eta beragan bakarrik –ustez kolektiboa indibiduoaren gainetik jartzen duen talde batean–, bada, labur esateko, iruditzen zait hegoaldekoon enegarren, hanka baino, mutur sartzea. Eta horrek izan dezake izen bat: barne kolonialismoa.