argia.eus
INPRIMATU
1936ko uztail itogarrian jazoa
Xabier Etxaniz Erle 2020ko uztailaren 09a
Arrastoa | Juan Kruz Igerabide | Alai, 2020.
Arrastoa | Juan Kruz Igerabide | Alai, 2020.

Arrasto baten atzetik bidali naute Iruñetik Lekunberrira 1936ko uztail itogarri honetan, Sanferminen ostean; Guardia Zibileko detektibea naiz, uniformerik gabe ibiltzen direnetakoa”. Honela ekiten dio Juan Kruz Igerabidek gazteentzat idatzi duen azken lanari. Gerra hasieran kokatua –lehen gertakariak aurretik; baina berehala, uztail itogarri hartan, gerra hasierakoak–, Igerabidek hilketa bat argitu nahi duen detektibe baten ahotan jarri du narrazioa nobelan. “Kontua da duela egun batzuk udaletxe atezaina hil zutela”, diosku detektibeak baina uste guztien kontra nobela erdi poliziako honen helburua ez da misterio hori argitzea, herrian bizi den giroa eta, batez ere, herriko aguazilaren historia kontatzea baizik.

Bai, Justino dugu nobela honetako protagonista nagusia. Hamaika seme-alabako familia batean txikiena, Justinoren haurtzaroa eta bizitza kontatzen zaigu nobela kostunbrista honetan. Nolakoa zen bizimodua garai hartan, zenbat lan egin behar zuten aurrera egiteko… eta horrela Justino Lekunberriko okina eta aguazila izan arte. Azken kargu honetan ustelkeriaren kontra zuen jokabideagatik –orduan ere ustelkeria baitzegoen– hainbat arazo izango ditu Justinok. Eta horietako batzuen lekuko izango da uniformerik gabeko guardia zibila, nobelaren narratzailea.

Arrastoa erraz irakurtzen den nobela da, gertakari batetik bestera irakurlea harrapatuta sentituko da Justinoren bizitzan eta Lekunberriko egunerokoan. Aipatzekoa da, maisuak nolako eragina izan zuen Justinorengan –nola lagundu zion eta Kixotea utzi irakurtzen ikasteko– eta nolako gaztelania egiten duen gazteak Kixotea-ren eraginez. Gaztelania jaso horrek hainbat arazo sorraraziko dizkio Justinori eta egoera nahiko bereziak edukiko ditu. Edozein modutan, arraro samar geratzen da gaztelania jaso horren presentzia bestelako erdararik ez dagoen liburuan eta are arraroago euskaldun batzuei ere horrela hitz egiten dienean. Eta, hain zuzen, horixe izango litzateke nobela honi aurki dakiokeen arazo bakarra; bestela, misterio puntu bat izanik ere, oso obra interesgarria delako gerra aurreko giroa eta gizartea ezagutzeko.

Nobela bizia, gure iragana ezagutzeko aproposa, eta irakurlea erakartzeko modukoa dugu Igerabideren azken hau. Misterioa gutxienekoa da, garrantzitsuena eguneroko bizimodua baita.