Nafarroa ez da berezia, beste lekuak bezalakoa da. Hemen ere, COVID-19ak zahar-etxeetan egindako sarraskia izugarria izan da: hildako guztien %80 zahar-etxeetako agureak izan dira, ia 450 pertsona. Zentro batzuetan, egoiliarren %40 hil da. Hala eta guztiz ere, beste probintzietako datuak oso antzekoak dira. Nafarroa, beraz, ez da oso ezberdin, oso arrunta baizik. Arrunta, baina larritasun beldurgarri honetan, dena den.
Nafarroan ez daukagu Unai Rementeria bat, eta orduan ez dugu Nagusi Intelligence Center bat izango, eta ez gara sartuko silver economy berri horretan. “Nagusientzako teknologia berriak eta zahartze-prozesuaren erronkari aurre egiteko proiektuak dira, jarduera ekonomikoa –hots, etekinak– eta enplegua sortzeko asmoarekin”. Horretan omen dabiltza Bilbon (non eta BBVA dorrean), eta agian horregatik Rementeriak zahar-etxeetako hildakoen kopurua estali izan du. COVID-19ak negozioa arriskuan jarri du, dirudienez.
"Adavir (Decathlon,
Leroy Merlin eta Alcampo-ren jabea), Domusvi (ICG arrisku-funtsarena), Idea (Opus Dei) eta abar…
Eta multinazionalak zergatik sartzen dira negozio honetan?"
Nafarroan, oraingoz, ez gara horraino iritsi: datuak hor daude, denon begietan. Eta anglizismo katetoak ez ditugu oraindik gehiegi erabiltzen. Eskubide Sozialen (izen ederra, benetan…) kontseilariak jarduera ekonomikoa (hots, enpresentzako irabaziak) ez du aipatzen zahar-etxe berriak iragartzerakoan, negozioa oso modu agerian ez erakusteko ahaleginean, ziurrenik.
Hala ere, ez gara oso ezberdinak. Irakurri dugun azken titularra: Nafarroan sektore honek 100 milioi euro mugitzen ditu urtero. Eta pandemia iritsi baino lehen Nafarroako Gobernuak kontatu zigun Iruñerrian bost zahar-etxe berri eraikiko dituztela hurrengo hiru urteetan. “765 plaza berri eta lurralde-oreka ekarriko dizkigute”, esan zuen Eskubide Sozialen (izen ederra baino ederragoa) kontseilariak. Baina nork demontre ekarriko dizkigu horrelako onurak?
Adi irakurri behar da galdera garrantzitsuenari erantzuna aurkitzeko. “Sektorean eskarmentua daukaten entitateek”. Baina… zahar-etxe berri hauek ez al dira publikoak izango? Eta zer egiten du Eskubide Sozialen (ze izen jatorra) kontseilariak proiektu hau aurkezten?
Ba ez, ez dira entitateak izango, multinazionalak baizik: Adavir (Decathlon, Leroy Merlin eta Alcampo-ren jabea), Domusvi (ICG arrisku-funtsarena), Idea (Opus Dei) eta abar… Eta multinazionalak zergatik sartzen dira negozio honetan? Eskubide Sozialen (izen oso egokia, gainera) Departamentuaren datuak oso esanguratsuak dira: itunpeko plaza bakoitzak 2.000 euro jasotzen ditu, Nafarroako diru publikoa enpresa hauetara bideratzen. Ba al dago negozio borobilagorik?
COVID-19aren garai triste hauetan... Eskubide soziala ala negozio beltza?
Eta Nafarroan gainera, Nagusi Intelligence Center (hau bai izen ederra) gabe...