Ostiral arratsaldea da, eta telefono dei bat jaso dut. Enpresak ABEEa aplikatuko duela esan dit: negoziatzeko betebeharra dagoela esan diot. Enpresari informazioa eskatzeko esaten diot. Ad hoc langile komisio bat osatu behar dute, ez baitago sail sindikalik ezta enpresa komiterik. Langileek 7 egun izango dute enpresak aipatzen dituen arazoen jatorria aztertzeko eta aurkeztutako proposamena neurtzeko. Langile hauen artean beldurra eta ziurgabetasuna nagusi da. Orain behin behineko neurri bat da, baina etorkizun laburrean, zein izango da enpresaren neurria? Enpresak kaleratzen baditu, langabezi saria murritzagoa izango dute. Eta hartzekodunen lehiaketa bat bada? Zazpi egun hau guztia kudeatzeko, lan egiteko eta erantzun bat emateko. Behin behineko langileek badakite ziurrenik zein izango den haien etorkizuna: kontratua laster bukatuko zaie, nahiz eta “produkzio arrazoiengatiko” kontratua iruzurrezkoa zen. Euren kontratua berritzeko itxaropena galdu dute. Beste kasu batzuetan, ez dira ezta formalitateak mantendu, neurria aplikatu dute negoziazio barik.
"Espainiar Erresuman beste lan erreforma bat mahaiaren gainean dago, nahiz eta zein norabide hartuko duen argi ez dagoen"
Euskal Herriko Unibertsitatean, lan merkatua nola funtzionatzen zuen irakasten ziguten. Oreka zen punturik hoberena, “oreka walrassiarra”: lan eskariaren eta lan eskaintzaren kurbak gurutzatzen ziren puntua zen hori. Gero, azaltzen ziguten, sindikatuak agertzen ziren, lanaren prezioa oreka horretatik urrunduz. Baita gutxieneko soldata, lanaren prezioa era artifizial batean handitzen zuelako ere. Hori zela eta, langabezia sortzen zen. Hori zen arazoa, merkatuak prezioa definitzen ez zuenez, langabezia sortzen zen. Ikasle nintzenean erdeinagarri iruditzen zitzaidan azalpen hau. Gaur egun badakit ekonomia neoklasikoan oinarritzen dela.
Ohituta gaude lan eskubideen urraketak pairatzen (nork ez du ez-betetze bat jasan?), baina azken hiru hilabeteak tsunami handi baten antzeko kolpea izan dira: ERTEen kasua izebergaren punta da. Zentzu horretan, datorren garaia gogorra izango da eta ez dirudi egoera leunduko denik. Ehunka milaka langilek badaki beren lanpostua kolokan dagoela, eta ez dagoela lan araudirik enplegua mantentzeko lagungarri izango dena. Gainera, oreka walrassiarraren fundamentalistak (merkatuaren legeak arautu behar du) lan gogorra egiten ari dira, ekonomia gainbehera baten aurrean malgutasun gehiago exijituz. Beraien buruan irudikatzen duten lan merkatua ez da inon existitzen: botere harremanak dira lana arautzen dutena eta, hori, ez da ekonomia eta enpresa fakultatetan irakasten.
Enpresek, botere harreman hori zein den oso ondo ezagutzen dute, hasieran aipatutako kasua horren adibide argia da. Gainera, lan legediak ez du asko laguntzen. Espainiar Erresuman beste lan erreforma bat mahaiaren gainean dago, nahiz eta zein norabide hartuko duen argi ez dagoen. Hala ere, gai honen inguruan politikariek egin dezaketen araudi berrituan, itxaropen gutxi.
Lan baldintzak hobetzeko lehenbiziko pausua botere harreman hori langileen alde makurtzea da. Behin-behinekotasunaren aurka egiteko, langile prekarioen egoera era efektibo batean babestuz, lan eskubideak defendatzeagatik langilea gerizatu behar da, eta iruzurrean egindako kaleratzea baliogabetu. Labur esanda, edozein lan erreforman, indarrean dauden botere harremanak hautsi beharko dira, ahula denaren alde.
Ekonomia, ekonomia politikoa baita, pertsonen eta bizitzaren alde eginez, ez kontrara. Lan harremanen arauketa ikuspegi beretik egitea funtsezkoa dugu.