argia.eus
INPRIMATU
Zaunka
Jose Ignazio Ansorena 2020ko ekainaren 24a

—Nire ateak hotsa dau zoli,
txakurrak bere salatu.
—Nire txakurra isilduteko,
eper bizia biozu.
—Eper bizia koyiduteko,
mutil mantsoa zagoz zu.

Azkuek jaso zituen ahapaldi hauek Gautxu baten abestian. Euskaltzale handiak bildutako kantak argitaratzean maiz zuzendu egiten zituen. Hitzak narrasak iruditzen zitzaizkiolako edo moralaren ikuspegitik onartezinak. Hau ukitu gabe utzi zuen. Ez omen zen konturatu txakurra eta eperra zeren metafora ziren. Abade inuzentea!

Zakur hitzak askorako ematen du. Pertsona zital eta ziztrinei esan ohi diegu, bereziki poliziei. Hil berria den Billy el Niño komisarioari esaterako. Euskal Herrian Txakurrak kanpora leloa zabaldu zen ertzainengatik. Helburua ere lortu zuen, ertzain askok, mehatxupean, Santander aldera hartu baitzuten, Iparragirrek bezala. Txakur-eztula. Zakurkeria, Zakur dantza… Zakurrek beraiek ere balio asko dituzte: lagun, gidari, zelatari, bilatzaile…

Haurretan, tarteka, ikusten genuen inor zakua lepoan Paseo Berrira joaten eta zakua itsasora botatzen. Denok bagenekien zer zegoen poltsan: txakurkume edo katakume jaioberri mordoxka. Horixe baitzen araua: etxerako bat edo bi, komeni zirenak gorde eta besteak itsasora. Ekologikoa.

* * *

Osasun krisi honetan, pertsonak zerratuta, baina Txakurrak kanpora atera dira. Argi geratu da errealitatea: egun gure hirietan zakur gehiago daude umeak baino. Gehiegi. Batzuk iritziko diote pertsonak daudela sobran. “Zenbat eta gehiago ezagutu pertsonak, hainbat maiteago dut gure zakurra”, Diogenesen esaldia berenganatuta. Ez da hori, baina, arazoa. Zakurrak, katuak, krokodiloak… edo sugandilak maitatu ez, errespetatu egin behar dira. Pertsonak bezalaxe. Eta zakurrentzat ez da ekosistema egokia hiri ingurua. Askotan pertsonentzat ere ez, baina geuk eraikia da.

Asmatzen dugu zakurrek edo tankera guztietako piztiek zer sentitzen duten, zer nahi duten eta horixe ematen diegu edo eginarazten. Nondik nora zakurrak arropa jantzita, ia egun osoan etxean utzita, gure pausoan lotuta ibilarazi paseo eskasetan? Krudelkeria iruditzen zait. Zirkuarena bezain handia.

* * *

Arazo honi aurre egin behar zaio. Baina, beste askotan bezala, ez zaio egingo. Inozokeria orokortuaren ondorioz, ez delako errentagarri botoak lortzeko. Eta, entzun dugu bestelakoetan ere, ekonomiarentzako kaltegarria litzatekeelako. Zenbat denda eta fabrika itxi beharko lirateke? Zenbat lanpostu suntsituko? Borreroarena desagertu zen eta ez da kexarik.
Ez dago beste biderik. Hirietan zakurrak mugatzea edo hiriak zakurrentzat egokitzea. Lau hankakoentzat alegia. Zaunk, zaunk!