argia.eus
INPRIMATU
Bertuteak garatu eta findu
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2020ko ekainaren 22a
Gure hizketan | Etxekalte | Autoekoizpena.
Gure hizketan | Etxekalte | Autoekoizpena.

Indartsu dator gazteria eta, ezin bestela, esponjak dira musika estiloak ere barneratzen. Ideiak argi izanez gero eta ahaleginduz gero, oztopo guztiei aurre egin ahal zaie, ez dago dudarik; lehenago edo geroago badator emaitza. Horixe egin du Bermeoko Etxekalte laukoteak. Musikazale amorratuak izanik, 2016an ekin zioten buruan zutena garatzeari eta plazaratzeari. Epe laburrera, baliabide oso gutxirekin maketa grabatu zuten, baina ez zioten zabalkunderik eman nahi izan. Oraindik ez zuten nahi zutena lortu.

Gaur egungo gazte gehientsuenek bezala, Etxekaltekoek beste talde askoren artean Berri Txarrak izan dute erreferentzietako bat; hain zuzen ere, energia eta erritmo gogorrak melodia sarkor eta mezu landuekin modu orekatuan uztartzeko orduan. Argi eta garbi, metaletik aldenduago dago Etxekalte, baina finean badute hauek ere Lekunberrikoek erdietsitako bertute hori, oso gutxik daukatena.

Taldearen estreinako disko hau mimoz egina dago; kanta bakoitzak ñabardura ugari du eta asko dira lortutako giro eta sentsazioak. Soinua ere ederra da, ondo bereiztua. Nabarmentzekoa da emaitza are eta gehiago fintzeko James Morganek eta Asier Renteriak Mungiako Magic Box estudioan egindako lana.

Epaitu eta oker-ek emo eta post-hardcoretik edaten du, erritmo aldaketa itzelak dauzka eta rock alternatibo hit!a ere bada. Erabaki-ren hastapen power-pop rockeroak Los Clavos oroitarazi dit, nahiz eta gerora rock-metal euskalduna eta hardcore melodikoa ere batzen dituen. BBH piezak beste tonu bat dauka, oso-oso sentikorra, eta metalean amilduko denaren itxura, baina ez. Orduan bai hit!a da, kanta erabat itsaskorra hardcore melodiko dotoreenarekin jantzita eta doinua garraztuz mugara eramana. Gure hizkeran-ek AEBetako emo-tik abiatuta erdi tempoak, pasarte malenkoniatsuak, garrasi sentikorrak eta Dut gogora ekarri dizkidaten metal eta post-hardcore arteko zantzuak batzen ditu. Eta, azkenik, Tristoriak: izenak dioenetik harago rock alternatiboa da, euskal izana, melodia eta erritmo jokoa eta malenkonia batzen dituen ariketa ederra.