argia.eus
INPRIMATU
Konspiranoiak
Sonia González @sonetska 2020ko ekainaren 10

Bill Gates edota Soros; laborategiak, izan Txinakoak, izan AEBetakoak; txipdun txertoak eta 5G. Existitzen ez dela esaten duten negazionistak eta lurrunekin edo lixibarekin osatzen dela diotenak...

Neure buruari galdetzen diot zelan den posible. Ernegarazi ere egiten nau. Hainbeste jende... Baita espero ez zenukeena ere. Eta ulertzen ahalegintzen naiz.

Konspiranoiek arrakasta daukate, bai. Agian, benetako konspirazio eta jukutriaz –ekonomiko, geoestrategiko eta abarrez– beteriko munduan bizi garelako. Albiste faltsuak arin zabaltzen dira, bai. Agian, guztiz egia ez diren edo, behintzat, alde bakar baten egia interesatuak entzun eta irakurtzera ohiturik gaudelako.

Informazio gainezkatzeak informazioen parekatzea ere ekarri du, dena balio eta prezio berean: edozeinek bideo kamara aurrean dioena nahiz diziplina anitzeko ikerlari taldeen azterketak aldizkari espezializatuetan. Baina denak berdin balio badu, ezerk ez du lauziri balio. Eta, dakiguna baino, garrantzitsuagoa da jakitea nora jo behar dugun ez dakiguna argitzeko, kontziente, zenbaitetan, balitekeela erabateko erantzunik ere ez egotea.

"Dakiguna baino, garrantzitsuagoa da jakitea nora jo behar dugun ez dakiguna argitzeko, kontziente, zenbaitetan, balitekeela erabateko erantzunik ere ez egotea"

Azalpenik arraroena ez da txalogarriena, ezta zuzenena ere, azalpenik arraroena, normalean, horixe baino ez da: arraroena. Ockhamen labanaren printzipioa baliagarria da eta indarrean dirau, batez ere teoriak ez badira inolako ebidentziatan oinarritzen.

Izan ere, konspiranoiek ebidentziak ezeztatzen dituzte, baina ez ebidentzia berriekin, baizik eta konfabulazio gero eta handiagoak irudikatzen. Honela, mugakoenera eramanda, lurra esferikoa dela erakusten duten ebidentzia guztien ezeztapen bakarra zera da, mendeetan iraun duen eta mundu osoko instantzia guztiak barne hartzen dituen konfabulazio erraldoia.  

Beste batzuek balizko salbuespenak arau bihurtu nahi dituzte, txertoen kontrakoek egin bezala, daukagun bizi itxaropena higieneak, saneamenduak, antibiotikoek eta txertoek eman zigutela ahazturik. Lehen Munduko beste buruhauste bat: zelan egin uko milioika lagunek sekula izango ez dituzten bitartekoei.

Eta jarraitzen dut pentsatzen eta konturatzen naiz horrelako teoria batzuetan sinisteak, zelan edo halan, alternatibo sentiarazten gaituela, ezkutuko zerbait desestali eta inork gutxik ezagutzen duen misterio baten jabe bagina legez. Baina, batere alternatiboa ez den botereak ere erabiltzen ditu konspiranoiak. Trump eta Bolsonaro baino lehenagotik; gogoratu, bestela, Francoren kontubernio judeomasonikoa.

Zaila da fundamentuz eztabaidatzea. Fede hutsa direlako, azken batez. Oinarri sasi-zientifiko batetik abiatuta, loturarik gabeko hizpide eta argudioen saltsa-maltsara egiten dute salto atoan. Eta, amaieran, nork bere iritzia daukala ematen zaio akabua.

Iritziak iritzi dira eta, popak bezala, mundu guztiak dauka bat, hau izenpetzen duenak barne, baina egitateak ez dira iritzia, gertaera konprobagarriak baino. Zientzia iritzia ez den bezalaxe. Eta zientzia diotenean, metodo zientifikoa aplikatzen duen edozein diziplina daukat gogoan.

Arrakasta daukate, bai. Agian inguratzen gaituen mundua kontrolaezina delako. Eta kontrol sentsazio horri eustearren, errudun argiak eta azalpen errazak nahiago ditugulako. Eta, arrazoi berberagatik, kasualitatea trabesten zaigu eta kausalitatea hobesten dugu. Seguruenik ez genuen ikasi posibilitatea eta probabilitatea ondo bereizten ezta, zerbait ulertzen ez dugunean, horrek ez duela gure ezjakintasunetik baino haragokorik adierazten ere.