Aspaldi esaten zuten Nuevo Catecismo Catolico taldekoek eta Buenawixta etxe okupatuaren erabiltzaile ziren gainontzeko musikari gehienek Donostiako auzoek ematen ziotela benetan bizitza hiriko musika eszenari. Hala erakutsi izan zuten luzaroan, eta hala izaten jarraitzen du orain ere. Horren adibideetako bat da Antigua eta Zubieta auzoetako kideak dituen Txorroskilo taldea. Izenak beste garai batera eramaten gaitu ezinbestez eta, egia esanda, taldeak egiten dizkio iraganari keinu asko, baina atzera eta aurrera egindako begirada asko ditu, beti ere artisau eran sofistikazioetatik ihesi.
2013an sortua, urtebetera –oso gazte zirela– maketa kaleratu zuen laukoteak eta berehala sona hartu zuen Donosti es una mierda okada zuzen-zuzenarekin. Misteriorik gabeko punka landuz bertakoentzat baino dirua dutenei bideratutako edertasun-hiria salatu zuten.
2016an Martxa baten azken notak lan laburra atera zuten argitara eta bertan antzematen zen oinarrizko punkaz gain, bestelako sonoritate ilunagoak lantzen hasiak zirela. Horregatik ordura arteko zuzenekoetako batzuk Grabazioak 2014-2016 lanean kaleratuta, jauzi berria egin zuten.
Eta jauzia iturri askotatik edaten duten zortzi kantaren bilduma berri hau da, guztiak euskaraz eta ezustez beteak: Begirada-k baditu sinteak, hardcore-punk ukituak, punk melodikoa eta gitarra distortsionatuak. Ziberskunk punk azkarragoa da, 80ko hamarkadako malenkonia ere barrenean sartuta duena. Katarsi I eboluzionatuagoa da, post-punk eta (pre)elektronikan barrena, dantzagarriagoa eta jostariagoa bere neurrian. Odoluste antolatua, punteo lazgarri eta giro aurre-industrialak lantzen dituen instrumentala. Devotchka Rose Alemaniako punka, malenkonia barra-barra eta post-punkaren entsalada. Heroi zaharren porrota punk geldotik antzinako ska-punk eta dub-era egindako bidaia. Durango 95 punk-rockeroen topikoez barre egiteko moduko pieza, 77ko punka, hard-rock apologia eta Oi! leloak batzen dituena, hit-a agian. Eta, azkenik, Droog night punk-rock gitarrerotik abiatuta elektronikan eta mainstream-ean amiltzeko ariketa irudimentsua.