argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Agur unibertsitateari
Aritz Galarraga 2020ko ekainaren 02a

Ikasturtea bukatzear da. Ez nahiko genukeen bezala, noski: abentura kitzikagarri gisa hasi zena –benetan, ez nuen uste inoiz Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle izatera iritsiko nintzenik–, akitzen ari da, arin esateko, nahasmenduan. Pandemiaren erruz, bistan da, bestela esperientzia izaten ari baitzen gogobetegarria. Eta pentsatu nahi nuke azken asteotakoa izan dela salbuespena, baina ez ote digun begien bistan jarri dagoeneko bestela bezala gertatzen ari, eta, erremediorik jartzen ez badiogu, etorkizun hurbilean gertatuko dena.

Esplika nadin: birusa zabaltzen hasi zenean, gehienok bezala, lantokira joateari utzi eta etxetik hasi ginen, halamoduz, ez baikeunden horretarako prestatuta –ez pedagogikoki, ez batez ere psikologikoki–. Ikasgela batean berrogeita hamar lagun biltzetik, pasa ginen, ikasle-irakasleon arteko zubi bakar, ordenagailua erabiltzera. Eta, zer nahi duzue esatea, ez da gauza bera. Aurrez aurrekoak ematen dio zentzua irakaskuntzari, elkarreraginak, ikasleei begietara begiratu eta haien aurpegietan konplizitate keinuak igartzeak, gaitzespenezkoak –ados, gehienetan gaitzespenezkoak–. Egoera honek zerbait erakutsi badit da plataforma digital bakar batek ere ezin duela ikasgela batean gertatzen dena ordezkatu. Pentsamendua elkarrizketan osatzen baita, bestearekiko topaketan. Ez dadila otoi normaltasun bilaka azken asteotan salbuespenezko izan den zera birtual hau.

Baina agian beranduegi gabiltza. Agian ezagutzarako gune behar lukeena jolas-parke bilakatu da jada. Inteligentzia, kritika, desadostasunerako plaza behar lukeena, dibertitzeko leku. Ekintza intelektual eta politikorako foku, tituluak banatzeko makina. Agian ezin itzulizkoak dira Jordi Llovet irakasleak Adéu a la universitat lanean esaten dituenak. Auskalo itzuliko ote garen unibertsitatera. Auskalo itzultzen garenean unibertsitaterik ba ote dagoen ere.