Kolpetik etorritako telelanaren gaineko lehen ikerketak argitaratzen hasi dira. Horien emaitza batzuk irakurri ditu O.-k, lankideek aspaldi eratutako WhatsApp taldean. Gaiak sortutako mezu trukean denak sutsuki ados daude ondorio nagusi batekin: pandemiaren ondoko munduan, ziurgabetasuna ziurgabetasun, digitalki deskonektatzeko eskubidea bermatu beharko da.
"Dagoeneko frogatu dute bilera telematikoek aurrez aurrekoek baino askoz gehiago nekarazten dutela burmuina"
Beste kontu batean ere bat etorri dira O.-ren lankideak: pertsonaren ongizatearen ikuspegitik, hainbeste ordu emateak pantaila bat(zu)en aurrean ondorio jakinak ekarriko ditu luze gabe, fisikoak zein emozionalak. Zerrenda bat egitera animatu da, halako batean, taldeko bat: ikusmen arazoak, obesitatea, estresa… Azken hori, beste lankide batek zehaztu nahi izan du: “Dagoeneko frogatu dute bilera telematikoek aurrez aurrekoek baino askoz gehiago nekarazten dutela burmuina, komunikatzeko modu horrek berez dakarren tentsioagatik”.
Pasatua da gauerdia. Duela minutu bat sartu da taldeko azken mezua O.-ren sakelakoan. Ez du irakurriko. Deskonexio digitala errespetatzea eskatu behar(ko) zaie enpresei eta administrazioei. Eskubide horren aldeko lankideei. Nork bere buruari.