argia.eus
INPRIMATU
Arnasestuka
Ane Labaka Mayoz 2020ko ekainaren 03a

Bizitza darie mendiei. Udaberritu egin dira basoak. Sugandila baten isats bihurria ikusi berri dut sastrakadi batean ezkutatzen. Kukuarenaren faltan, okilaren mokoak enborraren aurka jota sortzen duen hots erritmikoa entzuten da urrutian. Basalandareak eta aihen-belarrak indartsu hazi dira gorantz, hodeietara ailegatzeko ahalegin ezinezkoan. Sekula ikusi ditudan lorerik ederrenak hazi dira lahar nahasien artean; moreak dira, eta laranja biziak. Marrubi txikiak ere hasi dira apurka heltzen; gorritzen.

Azeri buztana da neurez identifikatu eta izendatu dezakedan landare bakarrenetarikoa.  Zuhaitz sendoenen hostoek eguzki-izpiak galbahetzen dituzte pasaeran, eta hor nonbait geldituko zen agian aurreko bi belaunaldietatik guganainoko jauzian desagertu den jakinduriaren zati bat.

Zentzumenak zolitu zaizkidala nabaritzen dut; birikak ireki zaizkidala eta leku gehiago daukadala orain barrunbe torazikoan. Inork gonbidatu ez nauen arren, gustura sentitzen naiz usain, soinu eta kolore festa honen erdian. Behar nuen pixkanaka guztia neurtzeari uztea; ordutegi eta distantzia mugak malgutzen hastea. Behar nuen lasaitasun hau. Behar nuen arnasa.

"Mendi buelta bat egitera bakarrik joan nintzen azken aldia gogoratu nahian hasi naiz. Mendi-bideren batean emakumeren bat bakarrik ikusi nuen azken aldia oroitu nahian, ondoren"

Lagun batekin noa iratze berdez inguratutako bidezidor batean barrena; isilik, bakoitza bere baitara murgilduta. Goitik behera zetorren gizon bat gurutzatu dugu. Bakarrik zihoan bera. Gaur gurutzatu dugun bosgarren gizona da. Oinez nahiz lasterka, mendian zehar bakarrik zihoan bosgarrena.

“Egun on!” esanez agurtu gaitu eta beherantz jarraitu du korrika bizian. Pentsamenduak bizitu eta mendi buelta bat egitera bakarrik joan nintzen azken aldia gogoratu nahian hasi naiz. Mendi-bideren batean emakumeren bat bakarrik ikusi nuen azken aldia oroitu nahian, ondoren.

Diapositiba itxurako irudi batzuk etorri zaizkit burura. Neska bat ageri da korrika hauetan; bidexka izkina batean agertu den gizonak ikaratu duen neska bat, mendian behera inoizko bizkorren doana. Une hartatik aurrera bakarrik paseatu behar duenetan leku oso ezagun eta zabaletara soilik joango dena. Piztiak noiz agertuko, beti atezuan egongo dena.
Munduaren erdiari gauetan etxerakoan beldurrak sabela atximurkatu ohi diola salatu izan dugu. Ausartak baino askeak izan nahi genukeela oihukatzen dute pintadek. Egun argiz ere bai. Bakar-bakarrik goazenean ere bai. Bidezidor galduenetan ere bai.

Oraindik ere, munduaren erdiak arnasa arnasestu bilakatu ohi dio munduaren beste erdiari.