Badirudi hasi garela argia ikusten tunelaren bukaeran. Fasez fase, baina pixkanaka irekitzen ari da, primaderako lilia nola, etxealdia –gurea etxealdia izaten ari baita, ez inondik ere itxialdia, pasa den asteko ARGIAn irakurri ahal izan genuen bezala; eta ez dakit nola bizi ahal izan naizen orain arte termino hori gabe–. Ematen du fermua dela jaitsiera, bueltatzen ari garela, pasa dugula gogorrena. Eta ez dizuet asuntoa zapuztu nahi, baina ez da dirudien bezain erraza izango.
Noski, nik ez dakit ezer birusaz, pandemiaz, etorkizunaz. Baina 2003an argitaratutako ipuin batek, Luzien Etxezaharretak idatzia, iragartzen digu dena: "2020 urte horietan ikaragarriko izurriteek jo zituzten munduko bazter batzu". 2003an argitaratu, eta printzipioz 2050eko errealitatea irudikatu beharko lukeen ipuin batek: "Miliunka joan ziren lurtarak, hilak gertatu arau errausten zirela. Euskal Herria ere joa izan zen". Ez zaizue arraroa egiten? Zergatik aipatzen du hain justu 2020a? Zer zekien Etxezaharretak guk ez genekienik? "Asiatik abiatua zen urte batzu lehenago SRAS izeneko zerbait, arnas hartzeko sindromo bizi larria. Honek bularrak erasotzen zituen bainan bere baitaz gesaldu zen, eriak behexiz gehienbat". Beti pentsatu izan dut Etxezaharreta pixka bat satelitea zela, Baionatik, gauza arraroak publikatzen, eta hara: "Aldiz 2020 horretakoak, hamar bat urtez, sekulakoak eragin zituen". Hamar bat urtez. Eta ez da etorkizun dugun bakarra: "Zubero osoa jendez hustu zen" –gaixo bizkaitarrak, maskaradarik gabe geratuko dira–; "Gipuzkoa osoaren deportatzea izan zen kapitulu lazgarrienetarik" –bost axola niri, Nafarroa maritimokoa bainaiz–; azkenerako, "euskaldunik gabeko Euskal Herria" geratzeraino –gauza ederragorik!–. Hori izango ote da hainbeste aipatzen duten normaltasun berria? Hala balitz, ez luke itxura txar-txarrik.