La Topadora taldea Enrikko Rubiños, Ruben Anton, Javier Etxeberria eta Luisillo Kalandraka musikarien proiektu berria da. Vendetta taldean aritutakoak dira laurak, eta haiekin Gaizka Otsoa elkartu da.
Jo eta su, topera, bete-betean, dena emanda. Halaxe hasi dira eta ariko dira. Vendetta taldeak agurra 2018 urtearen amaieran egin zuenetik, talde moduan atseden hartu, indarrak hartu, eta ilusio eta gogo handiarekin abiatu dute egitasmo berria: “Katuak bezalakoak gara, bizitza berri bakoitzean birmoldatu eta borrokara bueltatzen direnak. Bizitza berri bakoitzean lehenengoa balitz bezalako ilusio berdinarekin aritzen direnak”.
Hori antzematen da kantetan. Alaitasuna, bizipoza, kemena eta energia handia transmititzen dute, dantza egiteko eta mugitzeko gogoa. Bihurrikeria, asaldura, borroka, eta jaia ere bai.
Musika aldetik, Vendettarekin alderatuta, beste bide bati ekin diote, estilo jakin bati lotu gabe. Hainbat musika motatako kantak dira, eta besteak beste, rock, nu metal, ska, runba eta latino kutsuko doinuak entzun daitezke. Melodiak politak dira, kanta gehienak erritmo bizikoak, eta doinu elektrikoak eta akustikoak ederki uztartu dituzte.
Horien bidez, besteak beste, memoria historikoa aldarrikatzen dute, gertatutakoa ez ahazteko eta berriz ere gerta ez dadin, kritika eta salaketa egiten dute, zuzen edo ironiarekin, haien inguruko arazoei buruz mintzo dira, eta mezu positiboak ere igortzen dituzte (“udaberria beti heltzen da, dena kolorez betetzen du”).
Grabazio saioetan, Aaron DB Nafarroako Bourbon Kings taldeko abeslariak parte hartu du, El pensamiento en movimiento kantan, eta Argentinako La Skandalosa Tripulacion taldeak ere bai, La Topadora kantan. “Gure putzuz beste aldeko familia”, La Topadorako taldekideen hitzetan. Bidenabar, kanta horren bidez, Rodrigo Cara El Cebo La Skandalosa Tripulacion taldeko abeslariari eta kantaren egileari omenaldia egiten diote (2016an hil zen). Izan ere, La Topadora musika talde bat baino gehiago da: “Denborak indartu duen familia bat”.
Diskoa eskuratu bitartean internetez entzun daitezke kantak, YouTube plataforman eta Spotify musika zerbitzuaren bidez.