argia.eus
INPRIMATU
Baratzearen defentsaren garrantzia
Itziar Bardaji Goikoetxea 2020ko maiatzaren 28a

Egutegia atsekabez begiratzen aritu naiz, egunek eta asteek aurrera erritmo pisutsu eta oso arraroan egiten dutelarik. Lehenbizi olibondoak kimatu gabe geratu ziren, gero patatak erein gabe, tipulak ezin landatu… gobernu ordezkaritzara deitu nuenean: “Si es una huerta de ocio, no…”. Nola ocio?

"Merkaturako nekazaritza bai, baratzak ez. Tabernako terraza bai, etxean egindako infusioa banku batetan edatea ordutegitik kanpo ez"

Kontraesanez beteriko arau nahasgarriek merkaturako produkzioa babesteko obsesioa dute ardatz eta merkatuz kanpoko (auto)produkzioa baztertua izan da, existituko ez balitz bezala. Merkaturako nekazaritza bai, baratzeak ez. Tabernako terraza bai, etxean egindako infusioa banku batetan edatea ordutegitik kanpo ez. Turismo enpresak bai, lagunekin mendira ez.

Ez ikustea gatazkaren alde honetatik ere elikatu izan da. Analisia merkatuaren logikaren ikuspuntutik egiteko tradizioa dute ezkerraren zenbait sektorek, feminismoaren sektore batek barne. Bi dimentsio: plusbalioaren desjabetzea eta, txanponaren beste aldean, lan indarraren erreprodukzio dohainekoa. Merkatutik kanpoko erabilera balioa – eta ez merkatu balio bat– sortzeak ez du tokirik agertokian. Eta tokia izan baino, protagonista behar du izan; autogestio feminista baita askabidea.