Haren birbiloba Alvaro Buscak kontatu digunez, Juan Bautistak sarritan jotzen zuen akordeoia etxeko bazkalondoetan, eta hala kutsatu zion musikarekiko grina bere seme Juan Inazio Busca Sagastizabali. Organo-jotzaile eta konpositore ezagun honek batez ere erlijiozko musikarengatik lortu zuen sona: Zumarragan jaio zen 1868an eta Zarautzen hil, 1950ean. Tolosan hasi zen pianoa eta harmonia ikasten eta ondoren Madrilera jo zuen gainontzeko musika-ikasgaiak egitera. Hiri hartako bi parrokiatan –Santa Barbara eta San Francisco el Grande– organo-jotzaile lanpostua bete zuen. Erlijio kutsuko lan ugari konposatu zituen, eta sona eman zion XXIII. Nazioarteko Biltzarraren Eukaristia Himnoak, Cantemos al amor de los amores, cantemos al Señor, Espainiako Estatuan oso ezagun egin baitzen. Euskal orfeoiek sarritan izaten dituzte Sagastizabalen abesbatza-piezak bere errepertorioetan, horien artean Bi euzko abesti ederra.
Eskualdean itzal eta garrantzia oso nabarmena eduki zuen Juan Bautistaren beste seme bat Jose Busca Sagastizabal izan zen (1866-1937), Zumarragako alkatea izandakoa 1920 eta 1923 artean, orduan kargua utzarazi baitzioten, Primo de Riveraren diktadurak gobernua hartu eta Espainiako udal guztiak desegin zituenean. Euskal folklorea eta musika oso gustukoak zituen, eta gaztetan herriko txarangako kide izandakoa zen, klarinetea joaz.
Sendian bizi zen kultur giroak isla izan zuen familiako beste gizon handi batengan ere: Jose Maria Busca Isusi zen, Juan Bautistaren biloba, 1916ko irailaren 6an Zumarragan jaiotako gastronomo eta idazlea, Madrilgo Unibertsitatean Natur Zientzietan lizentziatua. Izaera liberal, kultua, jakin-minduna eta heterodoxoa zen, euskal gastronomiaz garaian idatzitako liburu garrantzitsuenetako batzuen egile izan zen, eta hedabideetan sarritan argitaratu izan ziren haren kolaborazioak. Aranzadi Natur Zientzia Elkarteko presidenteorde ere izan zen, Gastronomiazko Euskal Anaiartearen sortzaile eta presidente, baita barazki izoztuak ekoizteko lehenengo enpresaren sortzaile ere (Martzilla, Nafarroa). 1986ko uztailaren 16an hil zen. Zumarragako Udalak Herriko Seme Kutun izendatu zuen 1984an. 1986tik aurrera, betiko Santa Lutzi jaietako Buzkantza Lehiaketa haren ohorez egiten da. 1996an haren izena jarri zioten herriko auzo bati. Zeukan liburutegi espezializatua Gipuzkoako Aldundiak erosi zuen 1993an.
Eskualde honetan Juan Bautistak ereindako akordeoi-haziak ekarriko zuen, handik urte gutxira, Zumarraga izatea Euskal Herriko aurreneko trikitixa taldearen sorlekua ere: Zumarragako Trikitixa, 1920an jaioa eta musika honen lehenengo grabaketaren autorea 1960an. Euskal musikarik “benetakoenetako” bat izatera iritsi da egun trikitixa, Juan Bautista Buscak Italiatik ekarritako soinu handiaren ahaidea.