argia.eus
INPRIMATU
Laia Palau. Hilezkorra
“Informazioa eta ikusgarritasuna ezinbertzekoak dira berdintasunaren aldeko borrokan”
  • Espainiako Emakumezkoen Saskibaloi Ligan Uni Girona taldeko antolatzailea eta 2014az geroztik Espainiako selekzioko kapitaina da Laia Palau (Bartzelona, 1979). Frantzian, Polonian, Txekiar Errepublikan eta Australian jokatu izan du eta Espainiako Estatuan saskibaloiko domina gehien irabazi dituen jokalaria da.

Saioa Baleztena @Saioabaleztena 2020ko maiatzaren 20a
"Errentagarria denak saltzen du eta gainontzeko guztiak ez du tokirik. Baina kirolak, bertze gauza anitzek bezala, ez luke salerosketa izan behar" (Argazkia: David Subirana Macia / FEB)

Koronabirusa dela-eta bertan behera gelditu da saskibaloi liga. Nola daramazu?

Alarma egoera indarrean sartu zenetik ziurgabetasuna nagusitu da. Lehendabiziko astea shock egoeran bizitu nuen; hilabete askotako lanaren ondoren, liga amaitzear genuen, kanporaketan sartuta ginen eta dena amaitu behar izan genuen bat-batean. Gerora egokitzen joan naiz. Dagoeneko badakigu liga bertan behera geldituko dela eta ez dela txapeldunik egongo.  

Tokioko Olinpiar Jokoak ere atzeratu behar izan dira. Nola eragin dizu horrek?

Dena behar bezala badoa, datorren urtean egingo dira. Tira, denoi eragiten digu halako hitzordu garrantzitsu bat atzeratzeak, baina egia da eragina larriagoa dela lau urtez Olinpiadak prestatzeko lan egiten duten kirolarientzat. Are gehiago kontutan hartuta egitura oso prekarioak dituzten kirolari anitz daudela. Hori bai, nik 40 urte ditut eta nire helburua zen Espainiako selekzioarekin Olinpiar Jokoen ondotik erretiratzea. Beraz, ez dakit zer gertatuko den.

40 urte dituzu baina sasoi ezin hobean jarraitzen duzu...

Tira, aitortuko dizut konfinamenduaren hasieran denetik pasa zitzaidala burutik: nire bizitza osoan ez naiz sekula egon hainbertze denbora lehiatu gabe. Eta pentsatzera iritsi naiz bizitza ez ote zitzaidan ari abisu bat ematen, nire kirolari ibilbidea bertan behera uzteko.

Erretiroan pentsatzen ari zara, beraz?

Krisi uneren bat izan dut eta bai, pentsatu dut konfinamendua aitzakia ona izan zitekeela kirola utzi eta norabide berri bati heltzeko. Baina hiru egunez gelditu nintzen eta kalte egin zidan. Errutinak behar ditut eta momentuz ez dut erretiratzeko asmorik. Hurrengo denboraldian liga amaituko dut eta, ongi banago, Olinpiar Jokoetara ere joanen naiz. Gero gerokoak.

Gizarte gaietan interesa izan duzu betidanik. Zenbateraino da kirola gizartea aldatzeko lanabesa?

Kirola gizartea eraldatzeko sekulako ibilgailua da: porsche bat da. Elkartasun sentimendu irmoa sortzea ahalbidetzen du, ikusiz zein praktikatuz. Eta talde kirolek, batez ere, balore anitz irakasten dituzte.

(Argazkia: David Subirana Macia / FEB)

Hala ere, kirol anitzetan nagusi dira baloreetatik urruti gelditzen diren interesak ere.

Gizarte kapitalista batean bizi gara eta hori denaren gainetik dago. Errentagarria denak saltzen du eta gainontzeko guztiak ez du tokirik. Baina kirolak, bertze gauza anitzek bezala, ez luke salerosketa izan behar.

Espainiako Estatuan domina gehien dituen saskibaloi jokalaria zara.  Zer diozu zure palmaresaz?

Hagitz kontent nago. Eskarmentuak ematen didanari esker, azken urte hauetan izugarri gozatzen ari naiz. Are gehiago, txipa aldatu eta azken txanpa hau horrela bizitzea erabaki nuenetik gauza onak pasa zaizkit bakarrik.

Hitz egin dezagun berdintasunaz. Zenbateraino dago emakumeen kirola isilarazita gaur egun?

Erranen nuke Espainiako Estatuan emakumezkoen kirolen artean, igeriketa sinkronizatuaren ondotik, saskibaloiko jokalariak zaintzen direla ongien. Beraz,  federazioari dagokionez, nik ez dut kexarik: desberdintasunak daude, baina primei eta tratamenduari dagokionez mutilekiko berdintasuna dugu. Baina noski, emakumeon kirola ez dago inolaz ere gizonezkoenen mailan, ez bakarrik soldatari dagokionez: ez dugu aukera berdintasunik. Nik ezingo ditut sekula izan ez entrenadore onenak ezta azpiegitura onenak ere. Eta hori kontutan hartuta ni tokirik onenetan egon naizela dudan palmaresagatik...

Emakume futbolariek greba egin dute berriki. Uste duzu beharrezkoa dela gisa horretako greba orokor bat, futbolaz harago?

Zer aldarrikatzeko? Eta nork botako gaitu faltan? Aldarrikapen onena gure lana eta emaitzak erakustea da. Eta bai, bidegabekeriak salatzearen aldekoa naiz, baina zintzoki uste dut gure esparruan greben bitartez ez dugula gehiegi lortuko. Agian ez naiz behar bezain ausarta?  

Amaitzeko, zer deritzozu komunikabideek emakumezkoen kirolaren inguruan egiten dugun jarraipenaz?

Informazioa eta ikusgarritasuna ezinbertzekoak dira berdintasunaren aldeko borrokan. Niri batek baino gehiagok galdetu izan dit saskibaloi jokalaria izateaz harago zertan lan egiten dudan. Emakumeon inguruan desinformazio handia dago eta hedabideek aukera duzue errealitate horren erakusleiho izateko. Nik bi arazo nagusi ikusten ditut: bata kirolaren inguruan eraikitzen den begirada da, eta bertzea, matxismoa. Emakume kirolarion inguruan idazten diren albisteek pena ematen dute. Liga desberdinetan jolasten dugu eta ez dut berak bezainbeste diru irabazten, baina kirolari dagokionez, nire egunerokotasuna Pau Gasolenaren berdina da, eta aldiz, nik ez dut berak duen ikusgarritasunik.

Saskibaloia bidelagun
“Familian kirol hau beti egon da presente. Ni ausazko arrazoiengatik hasi nintzen, izan ere kirol desberdinak gustatu izan zaizkit betidanik. Eskolako talde baten bitartez hasi nintzen eta, konturatu gabe, profesionalki saskibaloira dedikatu edo ez erabaki behar izan nuen eguna iritsi zen. Zaila izan zen, saskibaloiaz bizitzea posible zela ere ez nekien garai hartan. Baina kirolariok erabaki asko hartu behar izaten ditugu oso gazte izanik. Ikasketak utzi nituen eta buru-belarri jarraitu nuen honetan. Gaur egun pozik nago egindako ibilbidearekin”.