Donostiak kultur bizitza zabala du, sortzaile ugari ditu eta, modu batean edo bestean, kulturan parte hartu edota berarekin gozatzen dugu herritar gehienok. Donostia Kultura (DK) erakundeak bere jardueraz iaz egin zuen ebaluazioan aipatzen du euskarazko kultur eskaintza hazi egin dela 2015-2018 urteen artean, eta %27,5ekoa dela. Laurdena pasea besterik ez euskaraz, oraindik. Banuen horren susmoa, baina ez nuen pentsatu nahi hain testimoniala zenik, donostiarren %46 euskalduna eta beste %20 ia euskalduna (2016) izanik, orekatuxeagoa izango zelakoan.
Euskarazko kultur eskaintza handitzeko asmorik ba ote duen galdetuta, Eneko Goiaren izenean erantzun zuenak adierazi zigun, lehenik, (bere ahotik entzundako) datu hori hobeto zehaztea pentsatu dutela, agian ez zirelako behar beste zehatz jaso datuak… Gero, ipurdia bista-bistan zuela oharturik, esan zidan badutela eskaintza handitzeko asmoa, haur eta gazte alorretan (nola ez), baina ez dutela indize jakin bat zehaztu 2020rako, ezta agintaldirako ere. Tira, erantzun hori uler nezakeen 2000 urtean, ez, ordea, 2020an. Horiek horrela, urtarrilean, DKren Administrazio Kontseiluari proposatu genion kultur mahaia sortzea, arloko profesionalen eta eragileen iritziak entzun eta erabaki adostuagoak hartzeko. Onartu bazuten ere, soilik literaturaren esparrura mugatua beharko zuen.
"Euskaraz sortzen den kultura babestu, sustatu eta lehenetsiko duen erabaki organikoa behar da"
Eta horretan geundela, hara non etorri zaigun euskaraz sortzen duten kulturgileak kinka larrian utzi dituen COVID-19aren krisia. Lehendik zaurgarria bazen gure kultur ekosistema, orain erabat ilundu zaigu etorkizuna. Uneko egoera larriari behin-behinean erantzuteko erabakiak hartu dira (online eskaintza, hitzartutako emanaldiei eusteko konpromisoa…), baina euskaraz sortzen den kultura babestu, sustatu eta lehenetsiko duen erabaki organikoa behar da. Bai, lehenetsi, DKren ikastaro eta zerbitzuetan, Aste Nagusian, zinemaldietan, DFerian, auzoetako jaietan…; hezurretan baitago, bere etxean arrotz, albokoek platerekoa jaten dioten bitartean. Horregatik guztiagatik, euskaraz sortutako kultura lehenetsiko duen erabaki organiko bat behar da Donostian, euskaraz sortutako kulturak gure izatea gorpuzten jarrai dezan.