Aitor dut, konfinamenduak iraun duen zortzi asteetan behin baino gehiagotan pasatu dudala kilometroko distantzia, Baionan zeharreko ene oinezko ibilaldietan. Naizen ele-eiherak, aldi honetan, isiltasunaz eta bakartasunaz gozatzeko aukera ukan du. Ohartu naiz hiriaren iparreko eremuak ez nituela batere ezagutzen eta eihera aztarnez aztarna paseatu naiz, haizeak, ibaiek edo itsas mareek bultzatu harri artean denbora nola ehotzen zuten ene begiz ikusteko xedez.
San Bernard auzoan, Habasko oihanean edo Bachefores eskualdean badira oraino, ene haurtzaroko josta leku zen Uhane ibai ertzeko eihera handiaren pareko egoitzak. Hura ere, Baionakoen antzera, utzikeriaz suntsitzen joan da, baina gelditzen da beti miresgarri, Artzamendiko harkaitzetan ebaki errotaren borobil perfektua. Zirkulu horren baitan gaude, eskerronez eta salbatuak, zekale edo espelta irina bezala ehoak, ogi bilakatzeko bidean.
Urrats debekatu horien karietara asko ikasi dudala uste dut eta nolabait ere, barnez aldatu naizela, birrindu agian edo ahurtaraz oratu. Labetik ateratzen naizela dirudit, jateko eta janari izateko gogoz.
Maskara jantziko dut sarri.