argia.eus
INPRIMATU
‘Double bind’
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2020ko maiatzaren 21

Badu hirurogeita hamar bat urte double bind edo bortxa bikoitzaren kontzeptua ezaguna dela psikologia arloan. Hori da pertsona bat behartzea paradoxazko bi manuri obeditzera: pertsona horrek bi aginduetarik bat betetzen badu, nahi ala ez bestearen aurka joanen da, eta alderantziz, bi eginbeharrak bat bestearekin kontradikzioan direlako. Kontzeptu hori konkretuki erabil daiteke norbait menpekotasunean mantentzeko, hari jazartzeko, edo eroarazteko. Lan munduan bereziki garatu den bortizkeria mota da.

Konfinamenduaren hastapenetik, eta are gehiago delako deskonfinamendu garai honetan, botere politikoak argiki asumitzen duen metodoa da gizartea bere gisara plegarazteko: ahoan bilorik gabe galdegiten dio jendeari hauta dezan osasuna eta soldataren artean, gazte eta xaharren artean, birtualtasunaren eta gizatasunaren artean, aukeratzen ahal balitz bezala! Jasan ezina den arduraren zamarekin dabil orduan norbanakoa, bortxa bikoitzen mugen artean preso. Haurrak eritasuna eskolatik etxera ekartzen badu eta amatxi xaharra hiltzen bazaizu, zure falta! Soldatarik gabe gelditzen bazara eta haurrak gosez atxikitzen badituzu etxean, zure falta! Eskolara bidaltzen baduzu umea eta handik itzultzen bazaizu beldurra burumuineraino sartua, zure falta! Erantzukizun osoa zuri uzten dizu estatuak.

Bi ondorio atera daitezke bortxa bikoitzak markatzen duen egoera horretatik. Lehenik, norbanakoa kulpabilizazioak lehertua geldi daiteke, nehoiz baino gehiago burutik eritua. Bigarrenik, nehoiz baino gehiago gara daiteke gizartean izpiritu kritikoa, umorea, sorkuntza artistikoa, elkartasuna eta etorkizunari buruzko mugimendu berritzaile sorta.

"Galdera da gaizki izateak ala baikortasun aktiboak duen gaina hartuko –ekonomia birtualaren makineria erraldoiak ez badu gizarte osoa porroskatzen, behingoz, politika faxisten laguntzarekin. Bestalde, izugarria da ohartzea egoera hau etorkizunaren aitzin-dasta baizik ez dela"

Galdera da gaizki izateak ala baikortasun aktiboak duen gaina hartuko –ekonomia birtualaren makineria erraldoiak ez badu gizarte osoa porroskatzen, behingoz, politika faxisten laguntzarekin. Bestalde, izugarria da ohartzea egoera hau etorkizunaren aitzin-dasta baizik ez dela. Zientifikoek diote ezagutzen dugun izurriak mundu heinean herritarren %1 soilik hilen duela, eta datozen katastrofeak aise ikaragarriagoak eta hilkorragoak izanen direla. Lan munduan, ulertua dugu konfinamendu garaia esperientzia epea izan dela, zapalkuntza sistematiko, metodiko eta neurri handikoak entseatzeko modukoa, birtualtasunaren eta ekonomia espekulatiboaren onetan, mundutar boteretsu bakar batzuen probetxurako –Frantzian, Hezkuntza Ministerioak jadanik zabaldua du galdetegi bat, zeinetan galdegina zaien irakasleei “zein onura erakarri dien” urrunetik irakasteak, eta ondorioz “zer aldatuko duten” beren praktika pedagogikoetan hortik goiti, iduri eta jokabide numerikoek bete izan ahal dutela humanoki galdua izan dena irakaslearen eta ikasleen artean.  

Ateka gaitzetik ateratzeko irtenbide bat izan daiteke heldutasunaz gogoetatzea. Haur indargabetuak bagina bezala gobernatu gaituzte agintari guztiz ahaltsuek, gezurrez josiz beren deliberoak eta zentzuz kontrako erabakiak aplikaraziz. Baina guri da ahal dugun neurrian haurtzaro zozotu horretatik jalgitzea: nerabezarora pasatu behar dugu lehenik, bazterrak irauliz eta haserrea hedatuz, eta ondotik heldutasunera, gazteriari merezi duen heziketa eskainiz eta haren errespetuz beste bideak urratuz, garai deno. Menturaz, geroan etorriko diren katastrofeen artetikako atseden denboraldiak laburregiak izanen direlako sistema osoa erabat aldatzeko...