Osasun krisiaren testuinguruan estatuko 250 ekonomia eta gizarte zientzietako irakasle eta akademikoek sinatu dugun agiriaren berri ekarriko dut aste honetako zutabera. Krisi berriarekin aurreko errakuntzak saihesteko deia egiten da agiriaren goiburuan eta ondoko hausnarketarekin dator. Pandemiaren aurrean bizitza eta osasuna babesteko asmoz hartutako neurriak pentsa ezinak ziratekeen aste batzuk lehenago. Krisi honen hasierak erakutsi digu, besteak beste, arazo larri bati buruzko kontzientzia soziala eta borondate politikoa dagoenean errealitatea errotik alda daitekeela.
Koronabirusaren krisiak klima larrialdiaren aurrean jartzen gaitu. Izan ere, ez dugu aurreko egoerara itzuli nahi, baizik eta modu planifikatuan planetarekin bakean dagoen ekonomiarantz urratsa eman eta, era berean, egungo ereduaren jasanezinezko desberdintasunak murriztu.
Halaber, osasun arretaren arloko zein menpeko pertsonen zaintza edo garbiketa bezalako zereginak izan, pandemiak batez ere emakumeek egiten duten zaintza lanen garrantziaz ohartarazi gaitu. Kalitatezko osasungintza publikoa eta emakumeen bizkar egon ordez kalitatezko zaintza bermatuko duten politika publikoak lehentasun gisa ezarri behar ditugu.
Ikusi dugu distantzia luzeko joan-etorri orokortuek tokiko epidemia pandemia bihurtzen. Baina are gehiago, enpresen hornidura arazoak eta oinarrizko ondasunak eskuratzeko nazioarteko lehia biziak erakutsi dute koronabirusaren krisiak globalizazioaren aurpegi garratzena azaldu duela. Lankidetza unibertsalaren alde egin behar dugu, baina baita ere tokiko eta eskualdeko ekonomia autozentratuen alde, arrazoi ekologikoak zein ekonomikoak tarteko.
"Bizitzarako inportante denaz eta, beraz, ekonomi politiken lehentasunez hausnartzeko aukera ematen du krisiak. Lan eta jendarte eskubideak eta zerga politika aurrerakoiak lehen lerroan ipini behar dira"
Bestalde, Europako Batasunaren (EB) ahultasuna egiaztatu dugu beste behin ere. Izan ere, daukagun egoera larriaren aurrean EB ez da gauza izan era bateratuan jarduteko, ez epidemiari aurre egiteko garaian ezta ere neurri ekonomiko eta sozial nahikoak eta partekatuak indarrean jartzeko. Jarduera ekonomikoaren zati oso zabala gelditu duen salbuespeneko egoerak gastu publikoa handitzeko neurri ausartak eta mutualizatuak eskatzen ditu. 2008. urteko finantza krisian gertatutakoa, zorraren zamaren metaketa alegia, ekidin behar da. Horren ordaina finantza merkatuen atzaparretan erortzea izan baitaiteke eta, horrekin batera, orain arte erabat ankerrak izan diren murrizketa politikak berrindartzeko aitzakia ere. Horretarako Europako Banku Zentralaren (EBZ) orain arteko papera berraztertzea nahitaezkoa da, zorraren mutualitate mekanismoak ezarri behar dira, eta diru likidezia gehigarria bankuetara bideratu ordez zuzenean gobernuetara edo herritarren eskuetan uztea premiazkoa da. Horrela bada, doikuntza politiken neurriak berriz ere aktibatzea saihestuko litzateke. EBZren dirua zuzenean produkzio ehunera eta jendearengana iritsi beharko litzateke eta ez luke, orain arte bezala, burbuila espekulatiboa gizentzen duen finantza sistemaren bitartekaritza erabili behar.
Krisiek aldaketarako aukerak zabaltzen dituzte. Bizitzarako inportante denaz eta, beraz, ekonomi politiken lehentasunez hausnartzeko aukera ematen du krisiak. Lan eta jendarte eskubideak eta zerga politika aurrerakoiak lehen lerroan ipini behar dira. 2008ko finantza krisiak errepikatu behar ez diren atzerapauso larriak ekarri zituen. Gainean dugun krisitik irteteko estrategiak jendarte bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta arlo ekologikoan iraunkorragoa hurbiltzeko xedea izan beharko luke.