argia.eus
INPRIMATU
Ikusmenerako, azenarioak ala radarrak?
  • Londres, 1940ko irailaren 7a. Luftwaffe aireko indar alemaniarrak hiria eraso zuen eta, hala, Blitz delakoa abiatu zen, Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek Britainia Handiko helburu zibilen aurka egindako aireko eraso sorta. Hiriburua jarraian 57 gauez bonbardatu zuen Luftwaffek.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko maiatzaren 13a
(arg.: BNP)
(arg.: BNP)

Londres 71 aldiz eraso zuten guztira, 1941eko maiatza arte. Uharteetako beste 15 hiri ere bonbardatu zituzten, eta kanpainak iraun zuen bitartean milaka tona lehergai jaurti zituzten.

Blitz-ari eusteko, erantzun zuzena antolatu zuen britainiar gobernuak, bestea beste, eta RAFeko pilotuek hegazkin alemaniarrak erasotzeari ekin zioten. Lan horretan bereziki nabarmendu zen John Cunningham (1917-2002) pilotua, Luftwaffeko 20 hegazkin botata. Ia denak gauez bota zituenez, cat eyes edo katu begi ezizena eman zioten.

Baina katu begi haiek ez zeuden Cunninghamen aurpegian, hegazkineko teknologian baizik. Cunningham RAFeko 604 eskuadroiko kapitaina zen, eta eskuadroi horren hegazkinek aireko radar sistema berritzailea zuten, Airbone Interception izenekoa. Horri esker errazagoa zen bonbaketari alemaniarrak antzematea eta botatzea. Baina radar berria sekretupekoa zen; gobernuak ez zuen etsaiek haien mesedetan erabiltzerik nahi. Horregatik, Cunninghamen eskuadroiaren ikusmen bikaina azenario asko jatearen ondorio zela esan zuen. BBC irratiak zabaldu zuen zurrumurruaren berri. Eta, horrekin batera, marrazkietako bi pertsonaia sortu zituzten, Doctor Carrot eta Potato Pete, azenario eta patata kontsumoa sustatzeko; urte batzuk lehenago AEBetan Popeyerekin eta espinakekin egin zutenaren antzera. Hala, ondo elikatzeaz gain, herritarrek ikusmena hobetuko zuten, eta Blitz-ak eragindako itzalaldietan mesede egingo zien horrek. Bi elikagaien kontsumoak izugarri egin zuen gora eta azenarioen mitoa, gaur egun indartsu irauten duena, zabaldu zen.

A bitamina funtsezkoa da begien osasunean. Bitamina horretan urriak diren dietek, muturreko kasuetan, ikusmen arazoak eragin ditzakete. Baina gibelak, azak edo Popeyeren espinakek, adibidez, azenarioek baino A bitamina gehiago dute. Izan ere, azenarioek ez dute berez A bitaminarik, betakarotenoa baizik; karotenoa A bitaminaren aitzindaria da, hau da, karotenoa duten landareak jaten dituzten animaliek A bitamina eratzen dute gibelean.

Beraz, azenarioek ez dute ia eraginik gure ikusmenean. Gobernuetako propaganda egiturek, aldiz, sekulako eragina izan dezakete gure ikuspegian.