Bazen ordua Piztu Punk taldeak diskoa estreinatzeko! 2008an sortu zuten taldea espreski Gasteizko Gaztetxearen eta Hala Bedi irrati librearen urteurren ospakizunetarako. Batez ere Gasteizko hainbat musikari beteranok (RIP, Obligaciones, Sumision City Blues, Karrocerias Betoño, Señor No, Sioux, Kontamina ke Algo Keda, Ale-Hop…) iraungitzen ez diren kanten bertsioak zuzenean plazaratu zituzten eta ikusleak txundituta gelditu ziren haien dotorezia, maisutasun eta indarrarekin. Horregatik, ordutik eskaera ugari izan dituzte, baina haien agenda estuen ondorioz, kontzerturik gabeko denbora tarte oso luzeak izan dira. Azken bi urteotan, baina, fundamentua jarri dute, kanta propioak idatzi dituzte eta zenbait partaide aldatu dira: Señor No-ko Xabik eta Sumision City Blueseko Pelak taldea utzi dute. Horien ordez, Leire jarri da aurrean mikrofonoan, pieza guztiek ezin hobe bat egin dute eta taldea kontzertuak ematen sasoi onenean dabil. Orain da momentua, bai ala bai!
Ospatzeko, zuzenekoan eskaintzen dutena erakusteko, eta idatzitakoa jasota gelditzeko, egunotan labetik atera berri dituzte bederatzi kanta oldarkor eta indartsu, zeinetan Leirek hainbat erregistrotatik egiten duen jauzi erraztasun eta solbentzia handiarekin, euskara, ingelesa eta gaztelania uztartuta: Post gorrotoa eskola zaharreko punk-rock espidikoa da, gizarte honekiko urgentziazko okada. Ateo light da gezurrezko ateoei emandako ostikada punk-rockero eta gitarreroa. Yo no he sido post-punk eta siniestroa da. Mundo muerto RIP taldearen klasikoaren berrirakurketa, Podri Rat-Zinger-en laguntzarekin. Zure zain hit-a da, 1977ko punketik edaten duen pieza melodikoa. Leirek bere esparru kutunenetako batera, Motörhead-enera, eraman du Probot taldearen Shake your blood hunkigarria. Vuelve punk-rock zirikatzaile eta dantzagarria da, erritmo handikoa. Soft Cell taldeak idatzi eta Imelda May-k berpiztutako Tainted love borobildu dute eta Mundu hau akabo taldearen eresi rockeroan Xabik eta Pelak ere parte hartu dute.