argia.eus
INPRIMATU
eliburutegia.(d)eus
Ruben Sánchez Bakaikoa @arlotea 2020ko maiatzaren 08a

Dagidan, lehenik eta behin, oihutxo bat etxealdiko basamortutik euskal oasira. Ene oihua irudikatu nahi dut aro distopiko honetako egun buruzurian –iluntzeko zortzietan–, nola kolektibo egin eta txistu suntsigarria bilakatzen den. Orduan, streaming ikus-entzunezkoen arloan euskararekin bizi gaituen lehorte eta itxaropen-ez basamortuzkoan zirimiri hasi, eta... to be continued.

EAEko herritarra izaki, egin nintzen eliburutegikoa. Filmoteka moduan izugarria da, Bingen Zupiriak dioenez, estatuko liburutegi digital handiena, eta debaldeko erabilera du. ‘Denok’ (=ahal dugunok) Netflix, HBO, Filmin eta abarretakoak egiten gabiltzan honetan, garrantzitsua da kultura denon eskura eta debalde aldarrikatzea; alde horretatik oso ondo.

Egin nuen lehen bilaketetako bat, umeekin ikusteko Esmeralda oihana izan zen, gogoan nuen ETB1ean ikusi izana. Nire etsigarri: eliburutegian jatorrizko bertsioan eta gaztelaniara bikoiztua besterik ez nuen topatu. Paradisu zinema euskarara bikoiztua eta azpititulatua dago, eliburutegian aurkitu ahal duzu audioa italieraz, katalanez eta gaztelaniaz, azpitituluak gaztelaniaz. I, Daniel Blake azpititulatuta dago euskarara, baina eliburutegian aurkitu ahal duzu ingelesez edo gaztelaniaz, eta azpitituluak gaztelaniaz eta katalanez.

“Euskal zinema” izeneko atalera jo eta 30 film ageri dira, euskarazkoak erdiak, haietatik helduentzat Bi anai eta Izenik gabe.

"Sumisioaren azkena dagoeneko euskaraz sortua edo euskaraturik dagoena ere eskuragarri ez izatea da, non eta eliburutegi publiko digitalean"

Galdezka ibili naiz besaulkitik, baina euskal oasira iristeko itxaropenik ere ez dugu dagoeneko. “Bigarren denboraldiak ez nau asebete, zer ikusiko dut bazkalostean, txio-herria? Hona nire 2020ko top-a” sare sozialetan botatzen dugunean automatikoki onartzen dugu euskaraz ia deus ez egotea. Sumisioaren azkena dagoeneko euskaraz sortua edo euskaraturik dagoena ere eskuragarri ez izatea da, non eta eliburutegi publiko digitalean. Gaztelaniazkoez gain, badira katalanezko pila bat ere (gure ez(d).eustasunaz lotsatzeraino cat pilaren aldean).

Arazoak egongo dira eginda dagoen lan hori eliburutegian sartzeko, noski, baina nik jakin nahi dut zeintzuk diren arazoak eta nola konponduko diren. Ez da onargarria gaztelaniaz edo katalanez bilduta dagoena euskaraz ez egotea. Eta bide batez, euskarazko film guztiak bildu ahala, bildu euskaraz gozatuko lituzketen euskaldun guztiak ere bertara: EAEko, nafar, iparraldetar, zein diasporako.

Luistxo Fernandezek Twitterren esan du Filminekoek galdetu dietela euskarazko azpitituluengatik, eta berak erabiltzeko esan diela. Itxaropena Filminengan izan behar al dugu?