Saioaren kanta bat entzun eta berehala nabari da bera dela, bere kantatzeko eta kantak egiteko modu bereziarengatik. Bere ahots leuna eta hautsia. Bere barne mundua, gure barne munduaren ispilua izan daitekeena, gure barrura begiratzeko modu bat.
Saioa Garin Legorretako bakarlariaren laugarren diskoa ederra da. Beste zenbait istorio txiki, samur, hunkigarri eta gordin kontatzen ditu kantetan, baina Natura (2013), Matrioska Heart (2008) eta Particular Land (2007) aurreko diskoekin alderatuta, beste ukitu eta zertzelada batzuekin jantzi ditu kanta berriak. Horretarako, estimagarria izan da lagun hauen parte hartzea: Joseba Irazoki (gitarra elektrikoa, lapsteela, armonika, banjoa eta organ pedala), Felix Buff (bateria) eta Iñaki De Lucas (grabazioa, nahasketak eta masterizazioa). Saioak, abesteaz gain, gitarra akustikoa eta elektrikoa erabili ditu grabazio saioetan. Denen artean ederki jakin dute gauzatzen kanta bakoitzak behar zuena, eta ezin hobeto jantzi dituzte kanta guztiak, dotore eta fin, soberan egon litezkeen gehiegizko apaingarririk gabe.
Kantak lasaiak dira, baina indartsuagoak eta biziagoak diren pasarte batzuk ere badaude. Kanten bidez, barneko arantzak sentitzen dira, samina, kezkak, zalantzak, galderak, beldurrak, desioak: “Ebaki latzenaren atarian, ni bakarrik, ekaitz gupidagabearen gaitza” (Ekaitz gupidagabearen gaitza), “Ezezaguna den erantzunakin aurrez-aurrez ezin jarri, ixiltzen duzunak, jaten duzunak oihukatzen du: maite nahi dut!” (Oihukatzen du). Harremanen gazi-gezak: “Ta zu, aldiz, lubakian gordeta, belarriak estalirik eta soldaduz babesturik zure egi finkoei eutsiz” (Bakoitzak bereari), “Elkar begira gaude elkar ulertu gabe, gure hitzen esanahiak galbaheen mende daude” (Galbaheak).
Kantek, dena den, tristura eta atsekabea baino gehiago, baikortasun pixka bat transmititzen dute –“Biziminari eutsi ala trixturaz gaixotu, bizitza motza da hegoak ximurtzen uzteko” (Bizimina)–, eta horretarako asko laguntzen dute kantetan dauden melodia politek eta musika tresnekin egin dituzten moldaketek.
Saioaren Ateak diskoa Interneteko Bandcamp plataforman entzun eta eskura daiteke.