argia.eus
INPRIMATU
Neolitoa, pandemien pagotxa
  • Gökhem (Suedia), duela 4.900 urte. Frälsegården korridorean 20 urteko emakume gazte bat hil zen izurriak jota. 2018an Göteborgeko unibertsitateko ikerlari talde batek jakinarazi zuen emakume haren hortzetako DNA aztertu zutela eta bertan Yersinia pestis bakterioaren andui bat topatu zutela, gizakiengan izurri pneumonikoa eragiten duten aldagai genetiko berberak zituen anduia.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko apirilaren 30
Suedian aurkitutako 5.000 urte inguruko eskeletoa, giza pandemien frogarik zaharrena (arg: Karl-Goran Sjorgen)
Suedian aurkitutako 5.000 urte inguruko eskeletoa, giza pandemien frogarik zaharrena (arg: Karl-Goran Sjorgen)

Neska hura hil zuen anduia mende batzuk lehenago, duela 5.700 urte inguru, Cucuteni-Tripilia kulturan sortu zela ere ondorioztatu zuten, Itsaso Beltzaren iparraldean, egungo Moldavia, Errumania eta Ukraina inguruetan. Ordurarte uste zen izurria Asian sortu zela eta mendebalderantz egin zuela bidea, baina azterketa genetikoaren arabera, erdigunean sortu eta alde banatara, Asiara zein Europara hedatu zen.

Baina hortz horietan aurkitutakoa bereziki garrantzitsua da gizakiaren historiako lehen pandemiaren froga genetikorik zaharrena delako. Erdi Aroan izurri beltzarekin gertatukoaren antzera, Neolitoaren amaieran, Eurasiako populazioak nabarmen egin zuen behera, %30 eta %60 artean. Hiri eta herrixka asko erre eta abandonatu zituzten, eta hortxe amaitu zen Harri Aroa.

Litekeena da hura ez izatea lehen pandemia eta etorkizunean pandemia zaharrago baten arrastoak aurkitzea? Adituek ezetz uste dute, izurri haren arrazoia Neolitoa bera izan zelako, garai hartan gertatutako aldaketak gaixotasunentzat haztegi ezin hobea izan zirelako.

Bizimodu sedentarioan ugalketa errazagoa da eta populazioa asko hazi zen. Populazio hori gune jakinetan kontzentratzen ari zenez, dentsitateak ere nabarmen egin zuen gora eta, jende metaketa oso aproposa da gaixotasunak kutsatzeko.

Nekazaritzak ordurarte nomadak ziren komunitateak sedentarizatzea ekarri zuen; ez zuten batetik bestera ibili beharrik elikagai bila. Bizimodu sedentarioan ugalketa errazagoa da eta populazioa asko hazi zen. Populazio hori gune jakinetan kontzentratzen ari zenez, dentsitateak ere nabarmen egin zuen gora eta, jende metaketa oso aproposa da gaixotasunak kutsatzeko. Gizakiek kontsumitzeko nahiz abereak eta laboreak hazteko ura ezinbestekoa zenez, urguneen inguruko kokalekuak aukeratu ohi zituzten; urguneetan intsektuak pilatzen dira eta gaixotasunen kutsatzaile bikainak dira. Eta jakina, abeltzaintzak ere izan zuen eraginik; gizakiak eta etxekotutako animaliak elkarrekin bizitzeak zoonosia bultzatu zuen, hau da gaixotasunak gizakien eta beste animalia espezie batzuen artean kutsatzea. Animalia horiek gainera ez ziren beti etxean geratzen. Gurpila eta, ondoren, gurdia asmatuta, produktuez gain, gaitzak ere garraiatzen hasi ziren.

Garai hartan ez zen giza migrazio mugimendu handirik izan, baina merkataritzaren hastapenak bete zuen transmisio lana. Eta gizakiez gain, patogenoek beraiek ere eboluzionatu zuten nekazal komunitateetan eraginkorrago, kutsakorrago izateko. Jendarte nomadetan birusak, bakterioak edo onddoak ezin zuten hain birulentoak izan, ezin zuten ostalaria uzteko arriskua hartu; auskalo noiz topatuko zuten beste giza gorputz egoki bat. Nekazal gizarte sendentarioetan, aldiz, bazuten non aukeratu.