Itxialdia arintzeko edo, irakurketa klub bat abiatu dugu, birtuala. Irakurle kualifikatuak dira gainerako kideak, ze zortea, ea zerbait itsasten zaigun. Hasteko, aspalditik pendiente neukan liburu bat aukeratu dugu, Claudio Magris, Danubio –eta gomendio bat, ez da libururik egokiena kluba olioztatzeko: hartu irakurketa samurrago bat, 150 orrialde, letra lodi, gurean ere gailentzen ari den idazkera onbera, murtxikatu, gatzik gabean; martxa hartzeko, pasa gaitezke gero gauza totxoagoetara–. Ibili gara beraz Danubio ibaian behera –eta gora, eta berriz behera–, Europa eta Asia lotzen, Alemania eta Grezia, Mitteleuropa sortzen eta besarkatzen duen ibaian. Ez esan ez denik iradokikorra. Erudizioz beteriko orrialdeak, entziklopedikoak, ito egiten zaituztenak igerian asmatzen duzun arte. Baina gonbidapen dira beti, lurra korritzera, zerumuga konskitatzera, gugan bizi den –nahiz batzuon kasuan lozorroan dirudien– abenturazalea libratzera.
Itxialdi egun hauek, aldiz, justu kontrakoa egiteko gonbidapen dira, ze erremedio: lau pareten arteko estuasuna praktikatzeko, estatismoa, etxeko epikotasuna. Eta, ados, baldintza material oso ezberdinekin, baina ez ote dugun bizi guztiok ere gutxi-asko gauza antzekoa. Etxetiar, baina masa bilakatu gara, are gehiago. Kyselak etorri zait gogora, Danubioan dabiltzan bidaiari, morroi, saltzaile, txaluparien hutsaltasunaz kexu den funtzionarioa. Uste du bera dela sentimendu nobleak dituen bakarra, egiazkoa dena hautemateko kapaz den bakarra. Besteak dira gizerdi, masa inozo eta itsusia. Jakin gabe Homero bera ere tarteka jaitsi behar izaten zela Olinpo menditik, izpirituaren haizeak aliritzira jotzen duela. Etxe barruko abenturak, balkoi arteko sozializazioak, supermekatuko espedizioek –maskara eta eskularru– berdindu egin gaituzte, are gehiago. Horri irri egitea geratzen zaigu, noski lehenik norbere buruari.