Hauxe da hau egoera! Etxean gaudelako jende gehiena txaloka eta bibaka osasun langileei (ongi mereziak noski), berdin herri txikietan zein hirietan, nahiz hiri izan nahian beren izatea alboratu eta zer diren ez dakitela dabiltzan horietan. Hau galdetuko nizueke ordea, pentsatzeko astia eta denbora biak ditugunez, osasungintzako langileez gain, zenbat gehiagok merezi ditu txalo horiek?
Eta galderekin segiz, zeini leporatzen diogu Jaurlaritza gaindik pasa eta erabakiak Madrildik etortzea, geuk ere gauza bera egiten badugu? Hau da, zertarako ditugu hainbeste herri egitura, udal, batzar… erabakiak beti leku berean hartzen badira? Zergatik emaitza hain desberdinen aurrean denok arau bera bete behar dugu? Baratzera han dagoena bildu edo jasotzera joan omen gaitezke baina lanera ez! Azokak, atzo debekatu, gaur onetsi… Hauek aterako dizkigute azak lapikotik!
Baina noiz hasi behar dugu herriko alkateari kasu gehiago egiten? Noiz baserritarrei eta beren bizipen nahiz eskarmentuari garrantzia ematen eta behar beste entzuten? Noiz hasiko ote gara egunotan salbatu gaituzten denda txikietan eguneroko erosketak egiten, zero km delakoa erabat betetzen? Noiz herriko ostatuak garai batean bezala denda bihurtzen, edo abere bahituen epe baterako konfinamendu toki, herritarren biltoki eta transmisio gune? Agian, horrek bideragarri bihur ditzake hainbat herritako ostatuak eta maizterrak izateko aukerak biderkatu? Noiz izango gara herri txikiok kaletarren eta beren maskoten pasealeku edo hirietako zaborren nahiz erraustegien bilgune ala haien beharren ur putzuak eraikitzeko espazio soil (so-hil)? Noiz izango ote da gure lurra ordez, gu lurrarenak garen eguna… Heriotza ala justizia izango da egun hori?
Bitartean, hauxe Erret agindua:
Gehienek birusa deituko diogu, pandemia hau sortu duenari denbora batean behintzat; batzuek dirusa, herritarroi kostako zaiguna txertotan eta ekonomia egonkortzen, berriz ere bankuek irabaziak izan ditzaten, aurreko aldian jasotakoak gutxi nonbait; heriobusa deituko diote bereziki zaharren egoitzetan baina gizarteak orokorrean deitu beharko lioke horrela, medikuntza prebentiboa erabili ordez emaitzak azkar eta onurak berehala hobetsi ditugunon gurutze-bideari; inklusa, bai halaxe gauzkate etxean sartuta eta irteteko baimen berezien beharrean, garai bateko gurasorik gabekoen antzera; tifusa…hamarreko bat osatzeko lain errima eta denbora iraungo omen duenez…