argia.eus
INPRIMATU
Gobernu eskola(k)
Edu Zelaieta Anta 2020ko apirilaren 20a

Konfinamenduak ekarritako berri askotarikoen artean, Blavatnik School of Government delakoa dago. Labur definitzeko, politika publikoari buruzko ikastegi espezializatua da eta Oxfordeko Unibertsitatearen barrenean dago.

Parte txarreko birusaren krisiari emandako erantzun politikoak alderatu ditu erakunde ingelesak. Neurri komunen artean daude ikastegiak ixtea, bidaiak murriztea, urruntze soziala ezartzea edota osasungintzaren hornidura handitzea. Hala ere, estatuek ez dituzte berdin ulertu hitz berak. Horren adibide argia da konfinamendu eredu ñabarra Europar Batasunean (EB): alde handiak daude 27 estatuetako neurri murriztaileen artean.

Hartara, konfinamendu orokorra gorabehera, ez gaude (inolaz ere) berdin konfitatuak. Esaterako, Espainia izeneko eremu juridikoan bizi garenok, Bulgarian bezala, ezin gara paseatzera atera; EBko gainerako 25 estatuetan, berriz, jarduera fisiko indibiduala baimenduta dago.

Kasu: konfinamenduak luzatzen ari diren honetan, hitz berbera erabilita ere, ez dira gauza bera luzatzen ari. Eta, konparazioaren egileek ohartarazi bezala, neurriak drakoniarragoak izateak ez du esan nahi, berez, kudeaketa hobea denik.