argia.eus
INPRIMATU
Covid-19 eta familia
Maria Colera Intxausti @bizialairaun 2020ko apirilaren 20a

Covid-19k eragindako krisiak gure gizartea egituratzen duten zimenduak goitik behera birpentsatzeko beharra mahai-gaineratu duen honetan, egungo gizarte-ereduaren zutabe guztiz nagusi bati astinalditxo bat emateko aprobetxa genezake: familiari (nuklear eta patriarkalari), hain zuzen ere.

Gertuko senidetasun- eta maitasun-harremanek gure sozializazioan eta garapen afektiboan duten funtsezko eginkizuna ukatu gabe, erreprodukzio soziala, bizitzaren beraren erreprodukzioa, familiaren instituzioaren esku uzten jarraitzen du estatuak –emakumeen esku, alegia–, eta transferentzia horren bidez eremu pribatura eramaten du bere mendeko herritar guztien ongizatea bermatzeko ardura, horrek emakumeentzako dakartzan ondorio guztiekin: senarraren soldatarekiko mendekotasuna eta emakumeen pobretzea, emakumeen nahiz nesken aurkako familia barruko indarkeria matxista, zaharren eta umeen zaintzaren pisu gehiena beren bizkar hartu beharra, emakumeak familiaren luzapen gisa hartuak izatea eta ez gizabanako beregain gisa.

Friedrich Engelsek Familiaren, jabetza-pribatuaren eta estatuaren jatorria-n (1884) azaldu zuenez, jabetza pribatua senideen zirkuluaren barruan gordetzeko sortu zen familia modernoaren instituzioa. Gaur egun, berdintsu funtzionatzen jarraitzen du: herentziari esker, batetik, eta besteen ongizateaz arduratzeko erantzukizuna familiaren esparrura mugatzen duten legeen (Kode Zibilaren nahiz konbentzio sozialen) bidez, bestetik. Horren ondorioz, ausaz jaiotzea tokatzen zaigun familiaren baliabide materialek zeharo baldintzatuko dute zer-nolako osasun arreta, elikadura, heziketa eta zaintza jasoko dugun gure bizitzan zehar.

Koronabirusak ekarritako salbuespen egoeran inoiz baino ageriago gelditu da familiak nola determinatzen dituen gure bizi baldintzak: agintariak internet partekatzeko eskatzen ari zaizkigu “egoera zaurgarrian dauden” haurrei (beti eufemismoak bilatzen, pobre hitza ez erabiltzeko!) eskolako lanak egiteko aukera emateko, elikadura bonoak atera dituzte eguneko otordu fuerteak eskolan egiten zituzten haurrentzako, erdi-abandonatuta bizi diren zaharrak zaintzeko sareak sortu dira herri askotan… Halakoak larrialdi egoerarako adabakiak baino ez dira, ordea.

Datorkigun krisi sozialari aurre egiteko bizitza erdigunean jarri beharra azpimarratzen ari dira asko, arrazoiz azpimarratu ere, baina kontuz ibili behar dugu erdigune hori ez dadin familiaren inguruan egituratu. Guztiz funtsezkoa da gure gizarteko kide guzti-guztien zaintza izatea edozein gizarte-eredu humanoren ardatza, zaintza hori familiaren esparru pribatutik gizarte osoaren esparru publikora eramatea, alegia.