Hitzen boterea azpi-baloratua da ardura. Hala diot, gehiegi edo eskas, edo desegoki erabiltzen ditugulako maiz. Alta, hitzek hil lezakete. Ez badute zinez hiltzen, berdintsu da, anestesiatu bailezakete arrazoi oro. Manu-k du ontsa ulertua, ordea, horregatik ditu ematen hitzaldiak Eliseotik, hitz bakoitza pisatuz, antzeztuz, lagunduz gorputz hizkeraz. Erretorikari emana, hitzak hautatzen ditu. Gerlaren alor lexikala eta metafora aitatiar jarraikiak. Etxeko jokoa bihurtu da zorrozki behatzea lehendakaria, bere Boris Vian airearekin, eta adieraziak oro aztertzea, detektatzea klaseko lehena erraz zitekeenaren erreferentzia historiko, kultural edo literarioak. Guk ere ulertzen dugu orain macroniera. Hizkuntza ahaltsua.
Bi hitzaldiren artetik, neurriak hartzen ditu egin behar denaz eta ez denaz, permititzen digunaz, gaizki eta ongi egin ditugunak baloratzen ditu, berak daki zer egin, noiz eta nola. Halaxe heltzen da bere boza etxe guzietaraino. Badira arau sortak, modalitateak eta bada zigor sorta, noski. Baina hain ontsa erraten du! Hortik goiti ez da zaila edozein gauzaren onartaraztea eta nor bera bihurtzea bere askatasun guzien zentsuratzaile.
Hasteko eta bereziki, denak Frantziara begira jarri gaitu. Etsai komun ikusezinaren beldurra aski izan da, batasuna sustatzeko. Muga hermetiko bihurtu du berriro, gai bakarrari buruzko informatiboei zintzilik gaitu, etorkizuna ezbaian, begiak hara. Ez dakigu gehiago gure hegoaldeko anaia-arrebez, gure ortzemuga aldatu du. Badugu aski pentsatzekorik, krisiaz, aurreikusten diren malur guziez, haurrei eginarazi behar dizkiegun etxeko lanez, eraginen dugun zor publiko abisalaz. Beharrik, kaosaren erdian, lehendakariaren ahotsak markatzen du pausoa: erran digu, Estatuak ordainduko du. Dena. Probidentzia Estatua datorkigu, sokorri, baldintzarik gabe. Beldurra sartu eta, errespetua sustatu du, eta etorkizun berria martxan eman daiteke. Eskas ditugunak (idazten dudan une honetan oraindik) biharko munduaren oinarriak dira, nazioa urtuko lukeena, baina detaile bat da, etorriko dena bere orduan. Gaurdanik, denek barneratu baitugu atzoko mundua izan zela eta bihar beste bat datorrela.
Scenario sinpleenak dira emankorrenak.
Eta ez, ez dugu batere problemarik 1940rainoko bidaia egiteko. Gogo bihotzak horretan jartzen ditugu, aplikatuz, haurrak atxikiz 50m²tan, irakaslearena jokatuz, ohiko logistika segurtatuz, telelana eginez, ateratzeko laisser-passer-ak arrakopiatuz. Galdeginez geroz, prest ginateke lorpen zenbaiten sakrifikatzeko. Harrigarria da nola amore ematen diegun erabaki guziei, ordenantzei eta dekretuei, egiten direnei eta ez direnei, ekintza super-komunikatibo inutil guziei. Adibidez, eri multzoak leku batetik bestera mugitzearen bitxikeriari, jogger-ren aktibitateen arrazoirik gabeko babesari, Paristik Marseillarainoko joan-jin misteriotsuei, garai arrunt batean inkoherenteak idurituko litzaizkigukeen egitate guziei.
Ontsa imajina daiteke, lehen eta bigarren mundu gerletan nola heldu ziren nazionalismoak supazter guzietara. Eta ez diet nik auzirik eginen ordukoei, hil ala biziko kontua denean nekez baita beste gisaz gertatzen.
Baina aizue, ez naiz bakarra denboraren kapsulan egon dena. Auzoak polizia deitu du, bitan: ene haurrak gehiegi jostatzen direlako etxeko borta aitzinean eta ondokoak zakurra sobera ateratzen. Uste du ez dakidala bera dela. Uste du ez dakidala ez nauela ikusten ahal. Ene aldetik ohartua natzaio: hondarkinak, estalkiak, plastikoak, balkoian erretzen ditu astean bitan.