Oraingo artikulu hau lanari eskaini behar nion. Berreskurapen ekonomikoak gora egiten duen heinean, zelan galtzen diren abiadura berean langileon osasuna eta bizitza. Inoren ardura barik, inorentzat dirua egitera behartuta gauden momentutik, izaera lapurtu eta pertsonak baliabide (giza baliabide) bihurtzen gaituztenez gero. Beste tresna bat baino ez gara, erosi, erabili, apurtu eta bota egiten dena. Gero eta merkeago. Gero eta prekarioago.
Hau idazten ari naizen momentuan hamabost lagun hil dizkigute honezkero. Dizkigute, bai, ardura eta arduradun zehatzak badaudelako heriotza horien guztien atzean. Enpresarietatik baino harago doazen erantzule zuzenak, Zaldibarren agerian geratu den bezala. Hamabost langile –baliteke idazkia eskuetara heltzen zaizuenerako, gehiago izatea– eta istripuetan besterik ez, lan gaixotasunen kontagailua erraldoi bezain kontrolagaitza baita. Heriotzaren arrazoia ez delako, adibidez, “amianto” idazten, “pleurako mesotelioma” baino. Eta, era berean, hemendik urteetara, Bizkaiko txoko horretan, paperek ez dute ekarriko “kutsadura”, bestelako gaixotasun eta afekzio batzuk baino. Nori eskatu kontuak orduan?
Hildako horiek ez dira aintzat hartzekoak, langileak edo herritar xumeak direnez gero. Zoru etiko horren altu eta aratz-garbia daukan gobernu honentzat garrantzitsuena ez da zer, baizik eta nor. Eta zergatietara sartuz gero, zail egiten zait diru gosea baino arrazoi zikinagorik begitantzea.
Auzoko tabernatik irten eta twitterreko tabernara salto egin zuten kritiken aurrean, isilunea. Herritarroi destaina. Esku beltzak eta balizko kanpainak, biktimismoaren karta jokatzeko. Gero, beste lan istripu guztiekin bezala egin eta ezbehar atalean sartu; norbait bentanatik bota eta norberak ez, baizik eta grabitateak hil duela esatea lakoa. Azkenik, txakurrak ez du txakurrik jaten, baina norbaitek ordaindu behar badu, adostuko dugu zelan egotzi zuei marroia auzitegietan, lagunok. Ez dira komunikazio arazoak, norbera ere erruduna dela dakienaren irtenbide tamalgarriak baino.
Autokritika eskatu zaio gobernuari. Labur gelditu dira, nire ustez. Krimenez ari gara, iragarritako heriotzez eta pozoindutako hainbat herritarri bizi urteak laburtzeaz. Enpresa horrek egin du egin duena, egiten utzi diotelako. Areago, erraztu egin diotelako, batza alai eta konplizean. Zakarrek diru asko eman dezakete, New Yorkeko gangsterrek ere ondo dakitenez. Han ere publiko-pribatu lankidetza sobera ezaguna da.
Autokritika norbaiti eskatzekotan, niri neuri, behintzat, ez zaizkit burutik aldentzen bere momentuan zaborren kudeaketa berriari kontra egin zioten bizilagun anonimo guztiak. Oraindik ikusten ditut, lohietako poltsak hortik zehar eskegita, protestaka, zergatik eta gauzak hobeto egin nahi zirelako. Bada, Zaldibarren gertatu dena da “defendatu” zenuten eredua, ez besterik. Nire herrian horri oso termino itsusiz deitu izan zaio betidanik. Nork bere hautu politikoak badauzka, baina nork bere burua ere izan beharko luke hausnartzeko eta interes ilunen defentsa itsuan ez jausteko.
Eurak, bien bitartean: “Tira aurrera! Ez kezkatu eta segi!”. Inoiz ezer gertatu behar ez balitz bezala edo, edozer gertatzen zela ere, estali ahal izango balute legez. Harik eta zaborrak hainbesteko kaka azalarazten hasi eta gobernua inoiz bizi duen krisi zikinetako batean murgildu arte. Justizia poetikoaz berba egin genezake, hori guztia horren latz, triste, arriskutsu eta mingarria ez balitz.