Ez naiz argazki zalea. Tarteka sakelako telefonoa hustu egiten dut eta mezu eta elkarrizketekin batera argazkiak ezabatzen ditut. Nolanahi ere, badira bi memorian uzten ditudanak beti. Batean gure aita agertzen da, bere tailerrean, Jose Ramón Anda eskultorea eta Alain Anda iloba arrimuan dituela. Eskultura baten inguruan daude, gure etxean denbora luzez egon zena konpontzeko. Argazki hura atera nuenean ez nintzen jabetzen zeinen arrasto sakona utziko zidan aitak, ironiarako dugun joera arriskutsua barne.
Beste argazkian Oskar Alegria zinegile eta bere aita Jesús Alegria daude. Veneziako Zinemaldian daude biak. Traje eta korbatarekin Jesús, amerikana eta ator zuriarekin Oskar. Zumiriki mustu zuten eguna zen. Gustatzen zait argazkia nabariak direlako aitaren harrotasuna eta semearen esker ona. Nor eta zer garen ez baitugu guk erabakitzen gehienetan, kontrakoa dirudien arren. Herentzian inguruari erreparatzeko modua jaso dugu aitengandik. Eta horrek egiten gaitu heterodoxo eta, batzuetan, ulergaitz.