Maskarada: gizartearen satira orokorra egiten den ikuskizuna
Gaur beste e-mail bat iritsi zaigu. Azken bi asteetan, bost. Premiazkoa dute martxoko ekimenetarako, emakumeek sorturiko emanaldi bat topatzea. Gu kontratu nahi gaituzte. Agenda hartu dut, martxoa entzuten dudan bakoitzean hotzikarak sartzen zaizkit. Ireki dut. Ez da ezer gehiago kabitzen, topera nago martxoan. Nire lankideari komentatu diot, agian saia gaitezke eskaera horri tokitxo bat egiten, gure profesio honetan ez da ezetz esatea komeni. Berriz ere agenda atera eta… Ezinezkoa, ez dugu tokirik martxoan. Martxoa: petatuta, full.
E-maila erantzun dut, agudo: martxoa topera dugu, baina ez genuke emanaldi hau egiteko aukera galdu nahi. Mesedez beste hilabete batera pasatzerik bai?
Erantzuna: lastima, martxorako behar du. Ez dago beste aukerarik.
Maskarada: maskaratuta doazen pertsonen konpartsa
Ezkorra ote naiz? Urteko hilabete honetan, inoiz baino gehiago egingo dut lan… eta lana ez den guztia; ikastaroak, hitzaldiak, ekintzak… Martxoa topera dugu, neskak! Poztu gaitezen! Mila esker udaletxe, banatzaile, teknikari, sortzaile maskulino, martxoa guri uzteagatik. Esker mila toki pixka bat egiteagatik. Ez naiz diplomazia zale, ezagutzen nauzuenak badakizue, ezta ogi-apurrekin asetzen den horietakoa ere. Bada denbora, mugimendu feministara gerturatzen ari den jende askorengan, sistemaren kiratsa usaintzen dudana. Kontziente naiz, azken aste hauetan iritsi diren e-mail horietako askoren jabeek ez dakitela zer den gure ikuskizunean kontatzen dena. Bi emakume dira, emakumeen gauzez hitz egiten, programatu ditzagun, baina martxoan ez bada, ez.
Maskaratu: estali, ezkutatu, gorde
Emakumeen gauzak…
Bigarren e-mail horretan jarraitzen dugu, apurrekin asetzen… Eta ni gose naiz… Eta ez, ez naiz konformatzen. Ez gaitezen konformatu. Irla morearen isla hain da tentagarria. Sistemak maskarada du maite, engainua. Trebezia handiz daki bere kontra doan guztia azkar estaltzen. Baina gu transatlantiko bat gara neskak, itsaso bortitz hau zeharkatzen goaz, martxa geldi ezinean. Ondo gabiltza lanean. Oraingo honetan gu geratzea zaila izango dela pentsatu nahi dut. Adi jarrai dezagun. Ase gaitezen, jan dezagun bapo. Ez gaitezen poztu martxoa topera dugulako, izan dezagun urte osoa topera. Utz diezagutela behingoz, dagokigun tokia.