argia.eus
INPRIMATU
Makinak, mezua eta gordintasuna kantuaren alde
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2020ko martxoaren 04a
Lobotomiak | Revolta Permanent
Baga-Biga

Barakaldoko talde gazte eta aldi berean beterano honen sortzeak eta izateak oinarri handia dauka hip-hopean, izan ere, taldeko kideak 121 Krew, Norte Apache, Herri Oihua eta bestelako taldeetan ibilitakoak dira. Oso gazte hasi ziren kalean, eta ordutik ez diote inoiz utzi kontzientzia zabaldu eta borrokatzeari; are gehiago, beti estimulu eta sorkuntza bide desberdin asko berenganatzeko prest egon dira eta daude.

 2014an bestelako ukitu aberatsa eman nahi izan zioten taldearen emaitzari: hip-hopa eta elektronika ezkonduz Genesis (Gaua) diskoa argitaratu zuten Aitor Abioren laguntzarekin eta hor datza aldaketa nabarmenaren hazia: Pilt eta Matxura taldeetan ibilitako eta Gaua estudioko arduradun Abio zuzeneko piztiari esker irauli zuten rap eta hip-hopean hain ohikoa den ahotsaren hegemonia, eta giro dantzagarri, batez ere gordin eta pisutsuei rapa batu zioten tarteka. 2016an grabatu zuten Kimera (Gaua) izeneko bigarren diskoa antzeko ildoan; eta 2018an Ultravioleta (Gaua) lan luzeak beste jauzi bat ekarri zuen, diskoak batzen dituen zortzi kantak Espainiako Estatuko zortzi soinu ekoizle desberdinekin grabatu baitzituzten. Eta diskoari dokumental bat gehitu zioten gainera.

Orain Lobotomiak lana dakarte beso azpian. Zulatzen elektronika lasai baina misteriotsua da. Lobotomia Steve Albiniren Big Blacken urgentzia, rapa eta erdi tempoak batzen dituen pieza kañeroa. R-k dantza egiteko elektro-rocka eskaintzen digu. Aukerak techno ilun eta musika industrialaren arteko lasterketa, garatuz doana. Mundo roto –guztiak bezala euskaraz– elektronika ilun eta indartsuari rapeatua. Gorrotoa makinen eta eskola zaharreko hip-hoparen arteko topagunea. Garrasi Maria Redondok borobildutako elektro-techno-pop pieza ederra. Moralaren salbatzaile eskola zaharreko hip-hopari keinua. Mailua-k erakutsi digu raggamuffina bortitza izan daitekeela, baita zikina ere. Adikzio berri bat da oinarri metaleroena duen hip-hop kanta itsaskorra. Eta, azkenik, 3,1416 gurpilaren ardatz eta espirala.