argia.eus
INPRIMATU
Iletegia
Artilearen balioa berreskuratzen
Garazi Zabaleta 2020ko martxoaren 08a

Duela zazpi urte inguru hasi ziren Aitor Zubillaga eta Aña Andiazabal Iletegia prioektuarekin Saran: “Joana Urbistondo laborariaren ideia izan zen hastapenean. Hark aipatu zidan artilearekin zerbait egin litekeela, baina berak ez zuela denborarik, eta horrela hasi ginen gu kontua mugitzen”, azaldu du Zubillagak. Garai batean preziatua zen artilea arazo bilakatu da azken urteetan, inork ez baitu artilerik nahi izaten eta artzainek ez baitute jakiten zer egin lehengai horrekin. Egoera horri irtenbidea eman nahian abiatu zuten Iletegia proiektua.

Hasteko, galdutako ezagutzak bildu

Lehen urteetan azterketa moduko bat egiten aritu ziren proiektuaren bultzatzaileak, Frantziako Estatuko beste zenbait eskualdetan artilearekin zer egiten zuten ezagutzeko. “Batetik bestera mugitu ginen artilea nola lantzen zuten ikusteko, eta Euskal Herrian garai batean zer egiten zen aztertzen ere aritu ginen”, dio Zubillagak. Hainbat formakuntza egin zituzten proiektuan bete-betean sartu baino lehen, esaterako, artilea lantzen ikasteko, harrotzen, napak egiten, zizatzen... “Bertako artilea eraman genuen hango makinetan nola pasatzen zen probatzeko”.

Behin artilearen inguruko oinarrizko ezagutzak eskuratu eta gero, lanari ekin zioten. Isolatzailea egiteko makina ekarri zuten Sarako lantegira, eta horrek gauza asko erraztu die. Oraindik ez dute haria egiteko makinarik bertan, dena den: isolatzailea egiten dute beraiek, eta hori Pirinioetako eskualde batera bidaltzen dute han haria egin dezaten. Gerora, hari horrekin tela moduko bat egin eta produktu ugaritarako erabiltzen dute: koltxoiak, edredoi edo nordikoak, burukoak, eskuko poltsak, jantziak, espartinak...

Ternua arropa marka isolatzaile hauek erabiltzen hasiko da

Duela hilabete inguru jakin genuen Ternua arropa marka bertako artilearekin egindako isolatzaileak erabiltzen hasiko dela. Bada, Iletegia proiektukoekin elkarlanean abiatu dute proiektua. Iletegiak orain arte Lapurdiko hiru etxalderi eta Nafarroa Behereko biri hartzen zien artilea, baina orain, ekoizpena handitzen doan heinean, gehiagori ere hartzen hasiko da. “Laborantza biologikoan edo kalitate zigiludunean ari direnei hartzen diegu, animaliak zenbat eta gehiago kanpoan ibili ilean ere asko nabari baita”.

Artilea mozteko garaian etxaldeetara bertara joaten dira Iletegiako kideak, eta baserritarrari buruko 1,20 euro ordaintzen diote. Gehiago saltzen duten neurrian laborariei ere gehiago ordaintzea dute helburu, dena den. “Artilea balorizatzea eta daukan garrantzia ematea da gure asmoa”, diote.