Beste deskubrimendu bat: erromatarrak. Tira, deskubrimendu, aspalditik ezagutzen ditut erromatarrak, Kaligula, Pontzio Pilatos, Coronavirus bera, Asterix Italian komikiko auriga; baina orain berriz aurkitu ditut, izan dut irudipen, argialdi, epifania moduko bat. Sarri xamar joan bainaiz azkenaldian Irungo Oiasso erromatar museora, hitzaldi, irakurle klub, noski museoa bera bisitatzera. Odolaren deia balitz bezala. Pentsa, Ama Xantalengo nekropolian malkoa atera zitzaidan ia.
Badakit fama txarra dutela erromatarrek gurean, galiar menderakaitz batzuen gisara ikusi dugula gure burua urte luzeetan. Susmoa dut Irungo museo hori ere ez dela gehiegi famatzen, hain zuzen, erromatarrek konkistatu gabeko herriaren mitoa ez gehiegi zipriztintzeko. Ez ote den harro egoteko modukoa, ordea: gu ere Erromaren parte izan ginen, guk ere parte hartu genuen gizateriaren aurrerapenean. Eszeptiko jarraitzen duzu, eta galdetzen: baina, zer ekarri zuten erromatarrek? Aiako Harriko meategien ustiaketa. Ah, bai, hori ekarri zuten. Eta Bidasoa zeharkatzen zuen zubi bat. Ados, baina horretaz aparte? Higer lurmuturreko ainguratokia. Ahaztu gabe Oiasso museoaren ondoan dauden bainu publikoak. Baina meategi, zubi, ainguratoki, terma, nekropoliez gain, zer gehiago ekarri zuten erromatarrek? Ardoa, lagunok, oi ardoa.
Egia esan, aspalditik uste izan dut euskaldun erromatartuak eta ez erromatartuak daudela. Eta bada bando batean kokatzeko garaia. Batzuek lasai asko egiten badute garai hartako baskoien eta gaurko euskaldunen arteko lotura, zergatik ez dut esango nik Oiasson, egungo Irunen alegia, etxe ondoan, bizi izan ziren erromatar haien ondorengoa naizela. Irekitzen den zerumuga izugarria baita. Hasteko, tradizio latindar osoa litzateke gure, Horazio, Katulo, Ovidio, Boezio adiskidea barne. Nire burua aldarrikatzen dut, beraz, erromatar, gurutziltzatuko banaute ere.