Zalantza bat dut: zuhaitz edo arbola bati edo edozein landareri bizia kentzen diogunean nola esan beharko genuke? Hil, erail, garbitu, akabatu, amaitu, asasinatu, bukatu, heriotza eman, heriotzaz hil, eho, kalitu, erasan, tragatu, ero…
Esanahi aproposa duen hitz egokia aukeratzeko, landarea erailtzen dugunean egiten dugun horrek guretzako zein neurriko ekintza den adostu eta erabaki behar dugu. Landarearentzako zer neurriko ekintza den ez dugu zalantzarik izango, ezta? Bereak egin du. Berearena egin diogu, esan beharko genuke. Esateko era apalena hori litzateke, halabeharrezko amaiera balitz bezala.
Landarearen amaierarekin min hartzen duenak suntsitu egin dugula esango du. Bost axola dionari, landarea ezereztu egin dela irudituko zaio. Landarea bere hankapeko “zer edo zer” dela uste duenak ondotik kendu duela esango du. Landareei beldurra dienak, zuhaitz guztiak gainera datozkiola pentsatzen duenak, bere otoiek erantzun zuzena izan duten uste osoan, libratu dela esango du, hasperen batean. Alferrikako otoi eta hasperen zale ez den moldeko beldurtiak begi-bistatik galdu duela dio.
Belarra eta landare ttikia moztu egiten ditugu. Landarea kendu eta bazterra garbitu duela benetan uste eta esaten duenik ere bada. Handixeagoa den zuhaixka edo zuhaitz ttikia eraitsi egingo dugu, edo harri bat bezala bota, lurrera bota.
Arerioarekin borrokan ari dela pentsatzen duen pertsona ez den lagun horrek lurreratu egin duela esango du. Borrokan ere melenga batean aritzen denik ere bada, hark zuhaitza erorarazi egin duela adieraziko du, jo eta bota beharrean berez erori balitz bezala.
Landuchiuszale denak “iramon” esango du, hala jasoa du XVI. mendeko bere hiztegi sonatuan.
Zuhaitza edo arbola etxekoa bada, erlea edo astoa bezala, galdu egin dela esan behar omen da. Suge, zomorro, lepazuri, zapo, lagun gaizto eta horrelakoen pareko badugu akabatu egiten dugu. Aziendaren eta pertsonen kideko badugu erail egingo dugu.
Dagoeneko argi dut: zuhaitza hil, erail ala akabatu egiten dugu.