argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza babestuaz
Itziar Bardaji Goikoetxea 2020ko otsailaren 25

Etxebizitza. Soldataren herena batez beste. Ezabatu ezin den gastu finkoa. Lan soldatapekoaren oin-bilurra, olagarroaren tentakulua. Kateak luzera nahikoa du esklaboak sistemaren mekanismoak eragin ditzan. Bere bizitza xehatzen duen errotarria birarazten duen astoa.

Iruñeko Udalak hedabideak deitu zituen bere jabegoko 43 etxebizitza, erabilera sozialekoak izan beharko luketenak, okupa zikin eta gaiztoen eskuetatik askatuko dituztela iragartzeko. Prentsaurrekoan emandako datuetan ikusten da 603 etxebizitzetatik 190i (%31) udalak ez diola erabilerarik ematen –horrek azaltzen du, bide batez, zergatik okupatzen diren–. Ongizatearen gure gobernuek bitartekoak, hau da, petatxoak edo puntalak, jartzen dizkiete zaurgarritasun egoerei. Arrakalaz jositako eraikin hondatu horren iraupenaren luzapen artifizialak. Baina, gainera, horiek uneko agintarien asmo onaren erabat menpekoak dira eta paperatik errealitatera zuritik beltzerako distantzia egon daiteke. Nafarroan 900 etxebizitza pasa dira egunetik gauera babestuak izatetik libreak izatera. Alokairuaren prezio berria ordaindu ezin dutenen egoerari konponbidea bilatzen saiatuko direla dioen bitartean, inuzente itxurako elefante bat dago eserita Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko sailburuaren ondoan, kapitalismoaren zirkotik ihes egin duena.