Klima aldatzen ari zaigun garai honetan –edo hobeki erranda: klima eraldatzen ari garen garai honetan–, etorkizun sozio-ekonomiko-politikoa iragarri gaitza eta iluna iruditzen zaigun une honetan, jende arteko elkartasunak maiz porrot egiten duen momentuan, galtzen ari gara elkarren kontrako kontakizun zientifiko-filosofiko-soziologiko-politikoen artean, bakoitzak ikuspegi berezia daramala munduaren martxaz eta giza bizitzaz.
Oraindik indarrean daude, nahiz eta bakoitza ez hein bereko itzalarekin, sistema kapitalistak eta komunismoak bultzatu narrazioak, mundializazioarena eta artxipelagoena, independentistena eta anarkistena, patriarkatuarena eta feminismoarena, eskuindarrena eta ezkertiarrena. Berrikiago agertu dira besteak, hala nola kolapsologiarena, survival-tzaileena, eta abar, gisa batez lehenengoak moldatzera behartzen gaituztenak.
Pertsona asko bizi da kontakizun arrunt ezberdin horien artean iritzi koherenterik ezin eginez, eta ondorioz gertakariak jasanez, modu etsituan. Jende frankok ez du denborarik hartzen gogoetatzeko gizakiaren ekintzen zentzuaz, ez eta bere burua gerorantz proiektatzeko. Ene inguruan ikusten dudanez, ezaxolakeria da nagusi, eta hori da familia askotan transmititzen den jarrera: gizartearen eta munduaren harat-honatak azaltzen saiatzen diren kontaketen oihartzunak ezagunak dira, eskolen edo militanteen lanei esker, baina ez da horien barnatzeko tirria fermu eta iraunkorrik izaten, ez eta, logikoa dena, kontakizun baten edo bestearen haritik kontzienteki engaiatzeko isuririk nabarmentzen.
Uste dut, jasankor eta etsitu gelditzeko joera arin hori areagotzen ari dela egungo gizartean, galduak garelako klima beroketak dakarren apokalipsia posiblearengatik. Anitzek ez du interesik ez etorkizunarekiko, ez eta iraganekiko, orainaldiak nahasiegia dirudielako. Nola jokatu? Hobe bizitzaz kontsumo moduan horditu, oraindik baimendua zaigun bitartean, eta geroak geroko? Ala katastrofe orokorraren aitzinean prestatzea gure buruak, erreserbak eginez, harresiak eraikiz edo oasi bat sortuz bazterreko toki batean? Ala teknologia berriek eta energia berriztagarrien erabilera orokortuak lekarketen salbamenean sinetsi?
Literaturak badu hor premiazko rola jokatzeko, gai delako gorputzik gabeko kontakizun zientifiko-filosofiko-politiko idorrak haragitzeko eta janzteko, hots, arartekoa egiteko funtsezko jakitate-arloaren eta ekintza-eremuaren artean. Bereziki, uste dut zientzia-fikziozko idazlan gehiagoren beharrean gaudela. Ez ohiko moduan, ez sinetsarazteko happy few zenbaitek bakarrik salbatuko dutela beren burua espazio-ontzi bati esker, ez sinetsarazteko etorkizun bakarra dela mundu gerra izadi pozoitu baten hondarren artean. Baliteke tokia izatea datu zientifikoak dituen zientzia-fikzioarentzat –anglosaxoiek hard science-fiction deitzen dutenaren antzekoa–, gogoeta filosofiko, politiko eta etikoetan ere oinarrituko litekeena, modu sinesgarrian eta errealistan frogatu liezagukeena salbamen kolektiboa posible dela –ala ez–.
Zientzia-fikziozko literatura horrek espirituak zorroztu litzake eta irudimenak zabaldu, oinarri sendoetan finkatuz. Euskaraz guti garatua den saila da zientzia-fikzioa, baina mereziko luke izatea, ene gustuko azaldu ditudan ezaugarriekin: etorkizun probableak marraztuko lizkiguke, norabideak proposatuz sail ezberdinetan.