Kurdistango Faida aztarnategian, arrokan zizelkatutako 10 erliebe aurkitu ditu ikerlari italiarrez eta kurduz osatutako lan-talde batek.
Artelanok 2.700 urte inguru dituzte eta Sargon II.a erregea irudikatzen dute jainko-jainkosez inguratua. Aurkikuntza garrantzitsua da horrelako erliebe asiriar gutxi aurkitu dituztelako orain arte, baina batez ere hemendik aurrera askoz gehiago topatzeko itxaropena piztu duelako.
Erliebeak ubide batean topatu dituzte, eta ez tenplu batean edo jauregi batean. Jason Ur arkeologoaren hitzetan, horrek erakusten du horrelako erliebeak “leku guztietan egiten zituztela, baita nekazari xumeenek laboreak ureztatzeko ura biltzen zuten tokietan ere”.